Feministek osasungintza publikoaren defentsarako manifestazioetara joateko dei egin dute

Bizitzak Erdigunean Koordinadora Feministak osasungintza publikoaren defentsarako igandean egingo diren manifestazioetara joateko dei egin du. Protestak Bilbon, Donostian eta Gasteizen izango dira 12etan,  LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek antolatuta.

Koordinadora Feministak “bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa” eskatu du eta “osasungintza jendarte osoarentzat eskuragarri egon dadin sistema duin, publiko eta doakoa” exijitu du. Horregatik, igandean denok kalera irten gaitezen nahi du.

Hauxe da sindikatuen adierazpena:

Lehen mailako arretak kolapso egoeran jarraitzen du, pandemiaren aurreko egitura gabeziak direla eta. COVID protokoloetan egindako azken aldaketek egoera horren ondorio dira. Honen aurrean, urtarrilaren 23an kalera ateratzeko deia egin diegu Osakidetzako langile eta herritarrei LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok, lehen mailako arretaren egoera larria eta ospitaletako arretaren gainkarga salatzeko eta egoera horri aurre egiteko berehalako neurriak eskatzeko. Horretarako, manifestazioak egingo dira 12:00etan Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Gogora dezagun abenduaren 22an kontzentrazioak egin zirela Osakidetzako oinarrizko osasun zentroetako egoera jasanezina salatzeko. Hala ere, egoerak okerrera egin du. Plantillen eskasia hain da nabarmena, ezen Osakidetzak, besteak beste, autotest COVID neurriak ezarri dituen, hau da, paziente bakoitzak bere lagina jaso dezala, horiek jasotzeko langile nahikorik ez dagoen heinean.

Zoritxarrez, egoera hori ez da pandemiaren ondorio. Gaur egungo osasun krisiak are gehiago larriagotu du pandemiaren aurreko egoera estruktural bat. 2019an, lehen arretako langileek hiru greba egun egin zituzten orduan bizi zen egoeraren larritasuna salatzeko. Gaur egun, bi urte geroago, okerrera egin du egoerak.

Kolektiboaren lan baldintzak eta herritarrei eskaintzen zaien arreta kalitatea areago prekarizatzeaz gain, pandemia aitzakia bihurtu da Osakidetzak murrizketak aplikatu eta pazienteak osasun publikora iristea zailtzeko. Horrekin guztiarekin batera, plangintzarik eza, errefortzurik eza eta inbertsiorik eza eta pandemiaren kudeaketak eragindako lan kargaren igoera esponentziala direla eta, lehen arreta soken kontra jarri du. Lehen arreta eraisteko programatutako estrategiak aurrera jarraitzen du, eta Osakidetzak COVID 19a erabiltzen jarraitzen du egiturazko defizita estaltzeko.

Horrela bakarrik ulertzen da, lehen olatutik ia bi urtera, seigarren olatuari baliabiderik, antolakuntzarik eta plangintzarik gabe aurre egitea; duela bi hilabete eskas Osakidetzak 4.000 profesional alde batera uztea erabaki izana; duela egun batzuk egoiliarrei doan lan egitea eskatzen ari izatea; plantillaren behin-behinekotasun-tasa % 60koa izatea; txertaketa- eta miaketa-ekipoak desegin izana; bajak, oporrak eta bestelako absentziak ez ordezkatzea; kutsatzeak gora doazenean, lehenarretako zentroen ordutegiak murriztea erabaki izana; eta abar luze bat.

Egoera kezkagarria izan arren, Eusko Jaurlaritzak ez du urratsik egin aipatutako arazo larriak konpontzeko. 2022rako arrekontuak osasun arloko inbertsio bat aurreikusten du, 2021ean benetan gastatutakoa baino 16 milioi euro gutxiago gastatzea ekarriko duena.

Premiazkoa da Osakidetzaren aurrekontua handitzea EBko batez bestekora iritsi arte (BPGren %7), horren % 25 lehen arretara bideratuz; plantillak berehala indartzea eta giza baliabide nahikoz hornitzea kategoria guztietan, milaka plaza sortuz aldi baterako milaka langile finkatzeko, gehiegizko aldi baterako kontratazioarekin amaitzeko eta lan-kargak arrazionalizatzeko; gainera, premiazkoa da lehen egunetik absentzia guztiak ordezkatzea; azken batean, osasun publikoa eta, bereziki, lehen arreta lehenestera eta indartzera bideratutako estrategia bat, hamarkada bat baino gehiago daramatzan desegite programatuarekin alderatuta.

Egoera hori salatzeko eta benetako eta berehalako irtenbideak eskatzeko, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok urtarrilaren 23an, igandez, eguerdiko 12:00etan manifestazioak deitu ditugu EAEko hiriburuetan, honako lekuetatik hasita:

Bilbo: Jesusen Bihotzetik.

Gasteiz: Andre Maria Zuriaren plazatik.

Donostia: Bulebarretik.

Mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoa da. Horregatik, Osakidetzako langileez gain, sindikatuek dei egiten diete herritarrei, bai eta mugimendu sozial eta kolektiboei ere. Osasun publikoa bizi aseguru kolektiboa dugu eta, zalantzarik gabe, defendatu behar dugu. Horregatik, egoera aldatzeko pausorik ematen ez bada, mobilizazioak areagotu egingo ditugu.