Feministek Baztango Aroztegia makro-proiektuaren aurkako mobilizazioak babestu dituzte

Feministok Territorioaren defentsan’ lelopean Bilgune elkarteak Baztanen egin nahi duten Aroztegia makro-proiektuaren aurkako mobilizazioak babestu ditu. Bertako ekintzaileek kanpaldi mugagabea antolatu dute eta hainbatetan gelditu dituzte obrak azken aste hauetan. Ekintza horren bidez, makro-proiektuak “eskualdean izango dituen eragin negatiboak” azpimarratu nahi izan dituzte.

Lekaroz herri txikian luxuzko hotela eta 226 etxebizitzako urbanizazioa eraiki nahi dute. Herritarrek eta zenbait erakunde publikok proiektuaren kontrako protesta etengabeak egin dituzte azken urteotan eta orain kontestazioa areagotu egin da.

Kanpaldiak babes handia jaso du eta, horren ondorioz, pasa den asteko astelehenean makinek ezin izan zituzten lanak hasi. Baztango aktibistek eskerrak eman zizkieten bertaratukoei eta, “indartsu gaudenez”, kanpaldia mugagabea izango dela iragarri zioten ahotsa.info-ri. Guardia Zibila azaldu da zenbait egunetan eta protesta grabatu du.

“Espekulazioa eta iruzurra”

Proiektua aurrera badoa ehun urteko haritzak moztuko dituzte eta ingurunean sarraskia egingo dute. “Proiektua geldiarazi arte ez gara hemendik mugituko”, ohartarazi zuten manifestarien bozeramaleek. Era berean, obren ardura duen Tex enpresari lanak gelditzeko gomendatu zioten, “egunero geldituko ditugulako eta galera ekonomikoak handiak izango direlako”.

Hotel Palacio de Arozteguía Baztan Curio Collection by Hilton izena hartuko duen XIV. mendeko Lekarozko jauregiak “turismo integral”eko 126 logela eskainiko ditu.

Hurbileko etxebizitzen inguruan urbanizazioa, golf zelaia, fitness zonaldea, igerilekua, ‘spa-weelnnes’ eta lorezaintza eskola bat ere izango ditu. Goi mailako turistentzako eskaintza izango da.

Kanpaldiaren antolatzaileek Nafarroako Gobernuaren “jarrera inposatzailea” salatu dute, “espekulazioa eta iruzurra” helburu duten enpresen mesederako, herritarren “erabakitzeko eskubidearen gainetik”. Horregatik, euskal herritar guztiei deia luzatu diete “gure lurra, hizkuntza, kultura eta bizimoduaren alde” antolatuko dituzten mobilizazioetan parte hartzeko.