Feminismoa, plazaren erdigunean

Feminismoa gero eta protagonismo handiagoa izaten ari da toki guztietan baina Zaldibarren harago joan dira: jaiaren erdigunean kokatu dituzte emakumeen aldarrikapenak. Izan ere, atzo iluntzean, Dominika talde feministakoek txupinazoa bota zuten pregoia irakurri eta gero. Ondoren —ohikoa ez den irudi batean—, euren dantzak plaza hartu zuen. Dantza Xabi Solanok prestatua eta M8rako eurek moldatutakoa zen. Oraingo honetan ere, herriko emakumeekin batera dantzatu zuten.

Nerea Urizar taldekideak azaldu duenez, “ohorea” izan zen taldearentzat udako jaiei hasiera ematea. “Proposamena jasotzeak eta gure aldarrikapenak pregoian jarri ahal izateak asko poztu gintuen eta emozioz beterik bizi genuen momentua”.

Jai parekideak eta libre sentitzea

Eta zer aldarrikatu zuten? Jai parekideak nahi dituztela, gizonekin etxeko lanak eta zaintza ardurak banatuta, eta libre sentitu nahi dutela jaiak gozatzeko biolentziarik gabe. Hori bermatzeko brigadak antolatu dituzte erasotzaileei aurre egiteko eta 24 orduko telefono zenbakia jarri dute (600742778) aholkuak edo laguntza eskaintzeko.

Horretaz gain, buzoietan erasoen kontrako gida banatu dute eta txosna eta tabernariekin protokolo bat adostu dute gune seguruak ahalbidetzeko, leku publiko horietan emakumeak eta neskatilak libre senti daitezen jaiak nahi duten moduan, askatasunez, bizitzeko. Txosnetan ere presentzia aktiboa izango du taldeak, lehenengo aldiz, Ernai eta Gaztetxearekin bateradauden bi txosna kudeatuko ditu eta.

Dominika: abortuak egin zituen emakumea

Dominika emakumeen taldea 2018ko abenduan sortu zen. Herrian 70. hamarkadan abortuak egin zituen emakumearen izena hartu zuten, batetik haren omenez, emakumeen aldeko lan egin zuelako, eta bestetik izena polita iruditu zitzaielako.

Emakumea hilda dago dagoeneko eta bere ondorengoak Zaldibartik kanpo bizi dira. Taldeak “detektibe lana” egiten ari da, Dominikari buruz gehiago jakiteko eta bere irudia eta zeregina erreibindikatzeko.