«Feminismoa muturreko eskumari aurre egin dion mugimendu nagusienetakoa da»

Feministalde! taldeak feminismo antikapitalista, intersekzionala (%99ren feminismoa), internazionalista, antiarrazista eta ekologistaren alde apustu egiten du. Hala adierazi zuen Leire Grovenek ‘Salda Badago’ Jardunaldi Feministaren ‘Mugimendu Feministaren Erraiei Begira’ mahai inguruan.

Hizlariak feminismoaren indarra nabarmendu zuen, bai maila teorikoan, bai aktibismoan. Horregatik kontraeraso kontserbadore eta neoliberalaren aurrean, “nazioarte mailan muturreko eskumari aurre egin dion mugimendu nagusienetakoa” dela uste du.

Euskal Herrira etorrita, Mugimendu Feministaren lan ildoak zehaztu zituen: indarkeria matxistaren aurkako borroka neurri erreal eta eraginkorrak hartuta, “diskurtso hutsalak azaleratuz”; zaintza lanen inguruko erantzukidetasuna; lan duina eta trantsizioa ekonomia ekofeminista baterantz; eta atzerritartasun legearen abolizioa, besteak beste.

Horrek “egite global eta estrategia komunei buruzko hausnarketa sakona egitea” eta “estrategiak eta aliantzak birpentsatzea” dakarrela pentsatzen dute Feministalde!-koek.

Jardunaldietan feminismoaren subjektuari buruzko eztabaida sortu zen (nortzuek osatu eta nork eraiki behar duen mugimendua). Feministalde!-rentzat, subjektua “etengabeko eraikuntzan dago”  mugimendu feminista “gero eta pluralagoa” egiteko. Horretarako, “gurutzatzen gaituzten pribilegioak, prekarietateak eta ezberdintasunak ikuspegi intersekzional batetik aztertzen eta praktikara eramaten jarraitzeko beharra” ikusten dute.

Emakumeen aniztasuna

Hausnarketa horri lotuta emakumeen aniztasuna bistaratu nahi dute, esate baterako “mugimenduaren parte diren emakume arrazializatuak, migranteak, etxeko langileak, gazte prekarioak, aniztasun funtzionala duten emakumeak, bollerak, kelly-ak eta abar”.

Gainera, Euskal Herriko Mugimendu Feminista mundu osoan dauden borroka feministen ondoan kokatu behar da, Rojavatik Ekuadorreraino, Nikaragua, Palestina, Sahara, Argentina eta Txiletik pasatuta. Begirada internazionalista ezinbestekoa da, Feministalde!-ren aburuz.

Antiarrazista eta antikapitalista ere izan behar denez, talde feministak hainbat mugimendu sozialetan parte hartzen du aliantzak sortzeko eta “espazio guztiak feminismoaz bustitzen” saiatzeko.

Hori batera liteke espazio autonomoak edukitzearekin. “Agenda feminista propioa” eraikitzeko, instituzio eta alderdi politikoetatik aparte, eremu horiek ezinbestekoak direla diote. Antolaketarako forma eta artikulazio modu berriak defendatzen dituzte, sare sozialen alde txarrak kontuan izanda, aktibistak erasotzeko bideak dira eta.

Hiarerkiarik gabeko esparru feministak defendatzen dituzte eta malgutasuna eta egokitzeko gaitasuna beharrezkotzat jotzen dute, hau da, “herri eta auzoetan testuinguruaren araberako antolaketa eta militantzia” ahalbidetzea, agenda komunaren barruan.

Mobilizazioak

Artikulazio horretan, FeministAlde! bezalako talde feminista autonomoen zailtasunak nabarmendu zituen Leire Grovenek. “Tokian tokiko herri bakar batean egonda eta liberaturik gabe, zaila da askotan sareetan parte hartzea edota gure herrialdetik kanpoko bilera eta plataformetara joatea”. Hori ere “kontuan hartu beharrekoa” da mugimenduaren antolaketan, haren ustetan.

Kale, plataforma zein mobilizazioetan egoteaz gain, jarduera feminista denetarikoa izan behar dela adierazi zuen. “Baita sare sozialetan, eztabaida-talde, mintegi, hausnarketa-espazio eta bileretan ere; izan ere, ekintzak hausnarketaren beharra duela uste dugu, baita alderantziz ere”.

Mugimendu feministak instituzioekin duen harremanari buruz ere hitz egin zuen Grovenek. Konfrontazioa defendatu zuen “eskaintzen dizkiguten espazio eta prozesuak ez baitute bermatzen gure parte-hartzea eragile zuzenak bezala”. Gainera, “erakunde batzuek jada mugimendu feministaren diskurtsoak xurgatu dituzte despolitizatu nahian”, akusatu zuen.

Erakundeek ekintzak eta programak garatz ditzaten “gainean egon behar gara” eta, hala eta guzti ere, “gastu publikoaren portzentaje iraingarria” bideratzen dute berdintasun programetara. Hori da Bilboko kasua, non ez dagoen emakumeen etxerik, ezta jabetze eskolarik.

Halaber, politikaren erabakiek langileen prekarietatea eragin dutela —hor daude Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ) edo adinekoen egoitzetako langileen lan baldintzak— eta Atzerritartasun Legearen bidez etorkinen eskubideak urratzen dituztela salatu zuen.