Feminismoa, Elorrioko jaietako ere protagonista

Elorrioko mugimendu feministaren kideek txupinazoa bota zuten herenegun Elorrioko jaietako hasieran eta emakume guztiak dibertitzera eta kaleak hartzera gonbidatu zituzten. Giroa animatzeko koreografia aproposa prestatu zuten. Uztailean Zaldibarko andrak ere jaietako protagonistak izan ziren.

Emakumeok herriko jaiak gozatzen ditugu, dudarik gabe. Baina kalean ez dugu gizonen presentzia bera izaten. Heziketa patriarkalak gainontzekoen zerbitzura egoten agintzen digu eta besteen beharrizanak geureen aurretik jartzen ditugu. Izan ere, lanez eta familiaren zaintzaz gu arduratzen gara batez ere, eta askotan ez dugu aukerarik izaten jaiak lasai gozatzeko. Horretaz gain, sexu erasoak jasaten ditugu jai esparruetan.

Horretaz jabetuta, Itziar Urizarbarrena eta Haizea Lazkano Elorriko Autodefentsa Feminista taldeko kideek zera aldarrikatu zuten jaien aurkezpenean:  “Historian zehar isilarazi diren emakumeen ahotsa izatea nahi dugu, baita gaur egun dauden emakumeena ere. Aldarrikatzen dugu adin, sexu-aukera eta jatorri askotako emakumeen jaiak direla. Uste dugu jai parekideak izan behar direla. Eskubidea dugu etxera seguru joateko”.

“Garrantzitsua da lanak eta erantzkizunak banatzea”

Eta mezu hori ez ahazteko andra guztiei zuzendutako hainbat aholku jarri dituzte programan. Hain zuzen, emakumeak kaleak pozez eta umorez hartzen gonbidatu dituzte. Horretarako beharrezkoa da adiskideei, lagunei eta familiako kideei gogoratzea “zein garrantzitsua den etxean zein jai-antolaketan lanak eta erantzukizunak banatzea”.

Bestalde, erasoak ez dituztela onartuko ziurtatu dute feministek: “Emakumeok zein gizonok jaiez gozatzeko eskubide berberak ditugula jabetuta edozelako ekitaldietan, espaziotan eta harremanetan ondo tratatuak izatea exijituko dugu”.

Gainera, autodefentsa feministari ekitera dei egiten diete emakumeei. Hauek dira argibideak: “Ikasi eraso sexistak identifikatzen; babestu zeure burua; defendatu norbere eskubideak eta laguntza eskatu arriskuan bazaude; beste batzuekin bazaude, hobeto”. Eta erasoren bat gertatzen bada hainbat telefono eskaintzen dituzte informazioa eskatzeko eta salatzeko: 112 (Sos Deiak, Larrialdiak), 946820218 eta 657792383 (Udaltzaingoa), 688641996 (informazioa eta salaketa)

Alkate andrearen mezua

Idoia Buruaga alkate andreak ere berdintasunarekin  konpromiso irmoa adierazi du jai-egitarauan: “Oraindik ere, emakume eta gizonen arteko parekidetasuna eta indarkeria matxistaren kontrako mezua aldarrikatu beharra dago. Komentario, txiste, kanta zein jokaera sexistak salatzea denon esku dago. Portaera sexistak ez onartzera eta jaiak libre bizitzera animatzen zaituztet!”.