«Ezinbestekoa da indarkeria matxistatzat hartzea prostituzioan dauden emakumeek jasaten dutena»

EHFAKek, Euskal Herriko Feminista Abolizionisten Koordinakundeak A25erako kaleratu duen adierazpena argitaratzen dugu:

Datorren azaroaren 25a emakumeen eta nesken aurkako indarkeriarenaurkako nazioarteko eguna da. EHko koordinakunde feminista abolizionistatik -EHFAK- beste behin ere salatu nahi dugu emakume jaiotzeagatik planeta osoan jasaten dugun indarkeria matxista.

Data hori Mirabal ahizpen oroimenaren omenez aukeratu zuten; Dominikar Errepublikako hiru aktibista horiek Rafael Leonidas Trujilloren diktaduraren aurka agertu ziren, eta 1960ko azaroaren 25ean modu basatian hil zituzten.

Muturreko indarkeria motak, hala nola feminizidioak, errealitate horren izebergaren punta baino ez dira. Munduko emakumeok, gure gizarte-maila, arraza edo jatorria edozein dela ere, intentsitate desberdineko indarkeria jasaten dugu gizarte-esparru publiko eta pribatu guztietan: hezkuntzan, lanean, osasunean, etxean, etab.

Gerrak testuinguru bereziki bortitzak dira gurekin. Feministok badakigu emakumeen gorputza bera gerra-lurraldea dela askotan. Horregatik, gaur egun, planetaren luze-zabalean gatazka belikoetan sufritzen duten emakume eta neska guztiak gogoratu nahi ditugu, eta bereziki Palestinaneta Ukrainan daudenak.

Euskadin ere ez gaude errealitate horretatik kanpo. Iturri ofizialen arabera, emakumeen aurkako indarkeriaren salaketak % 9,7 igo ziren 2023ko bigarren hiruhilekoan, eta biktimen kopurua % 11,2 hazi zen. Gaur prostituzio-sistema, pornografia eta alokairuko sabelak salatu nahi ditugu bereziki, sexu- eta ugalketa-esplotazioaren adierazle nagusiak baitira, eta biktima gehienak emakumeak eta haurrak baitira.

Indarkeria mota horietan, emakumeak modu sistematikoan iraintzen eta umiliatzen dira gobernuen eta gizartearen zati handi baten konplizitatearekin. Hautapen askearen eta askatasun indibidualaren diskurtsoan oinarrituta, sektore aurrerakoienek indarkeria hori estaltzen dute. Ez dute onartu nahi emakumeak direla bortxatuak eta gizonak indarkeria erabiltzen dutenak, eta, horrela, “prostituzio-indarkeriaren” ukatzaile bihurtzen dira.

Alde batera uzten dute nahita feministok ez garela sartzen emakume bakoitzak bere gorputzarekin egiten duen horretan, baizik eta fokua jartzen dugula inork ez duela eskubiderik beste gizaki bat bortxatzeko edo esplotatzeko, norberaren onurarako, putazaleen eta proxeneten kasuan bezala.  Prostituzio-testuinguruetan erailtzen diren emakumeen ikusezintasuna ere salatu nahi dugu, askotan ezinezkoa baita haien nortasuna ezagutzea. Batzuetan, haien heriotzak suizidio gisa deskribatzen dira, bizi duten eta ezkutuan dagoen muturreko indarkeria-egoeraren ondorio direnean.

EHFAKen uste dugu beharrezkoa dela gizarteak eta gure ordezkari publikoek onartzea errealitate bat dela, eta horrela, elkarrekin, neurriak bultzatu gizarte osoari eragiten dion gaitza hau bertan behera gera dadin. Gobernuek alde batera begiratzeari utzi behar dute behingoz. Ezinbestekoa da instituzioen aldetik indarkeria matxistatzat hartzea prostituzio-egoeran dauden emakumeek jasaten dutena prostituitzaileen eskutik.

Horrela, sexu-eta ugalketa-esplotazioa desagerrarazteko, lege eraginkorrak sortu ahal izateko. Alde batetik, biktimei erreparazio integrala emateko eta bestetik, ikasgeletan hezkidetza izateko, gizonen eta emakumeen arteko harremanak elkarrekiko errespetuaren eta nahiaren arabera gauzatuko diren etorkizuna eraikitzeko. Beste behin ere exijitzen dugu mugimendu feministak 2020az geroztik egindako proposamen abolizionista onartzea. LOASP, prostituziosistemaren aboliziorako lege oranikoa. www.leyabolicionista.es -en eskuragarri.

Gaur, senarrek, bikoteek edo edozein gizon erabateko mespretxutik hil dituzten emakumeei omenaldia egin nahi diegu. Horregatik, borrokan jarraitzen dugu.