Wikiemakumeok euskaraz: ezerezetik existentziara

Wikiemakumeok taldea lan itzela egiten ari da azken 5 urteetan emakumeen ekarpenak bistaratzeko. Aurten taldea handitu eta aberastu egin da euskara sailarekin. Multzo honek Durangon du epizentroa eta Marisa Barrena euskaltzaleak eta feministak lideratzen du.

Taldeak aipatutako bi eremuetan egin nahi ditu ekarpenak: euskara eta feminismoan, hain zuzen. “Genero arrakala apurtzeko ahalegina egin behar dugu, momentu honetan emakumeen biografiak %20ra ez dira heltzen eta”, azpimarratu du Barrenak. Horregatik, berak emakume baten biografia sortzen duen  bakoitzean -eta horretan ordu batzuk ematen ditu- ez da nekatzen. “Satisfazio itzela sentitzen dut, emakume hori existitzen delako eta gainera, Wikipedian euskararen garrantzia handitu egiten dugulako”.

Sortutako biografien artean gose greba baten ondoren hil zen Helin Bölek emakume turkiarrarena aipatzen du. Euskaratik katalanera itzuli zen geroago. “Anekdota bat da, baina gure hizkuntzari presentzia eta plus bat ematen dio horrek”.

Orain dela gutxi, ezagutzen ez zuen Zornotzako itzultzaile Amaia Astobizak bere biografia oparitu zion urtebetetzerako.  “Nahiz eta emakumeok ez dugula merezi esateko joera dugun ilusio handia egin zidan”, aitortu du Barrenak.

Talde- lana eta harremanak lantzea gustuko du. Wikiemakumeok euskaraz Mentxu Ramilorekin formakuntzan murgilduta zegoela etorri zer konfinamendua. Bi hilabete hauetan saioak on-line egin dituzte baina “ez da gauza bera, elkarrekin egonda bultzada bat emango geniokeen lanari”, dio.

Nahiz eta baldintzak idealak izan ez, eta dituen beste konpromiso guztiak bertan behera geratu ondoren, emakumeen biografiak sortzeko aprobetxatu du Marisa Barrenak konfinamenduaren denbora. Eguneko efemeridea hartzen du  biografia zaharkituak eguneratzeko. Ondoren twitter-en argitaratzen ditu egunero.

Lehiaketa emakumeen presentzia handitzeko

Wikiemakumeok euskaraz talde osoak 90 biografia inguru egin ditu urtarriletik. Formakuntza hasierarekin batera sortu zen ekipoa hilabete horretan. Bertan 12 emakumek hartzen dute parte bakoitzak bere intentsitate eta zereginarekin: batzuek testuak idazten dituzte, beste batzuek informazioa, argazkiak, loturak edo erreferentziak topatzen dituzte… Kolaboratzeko erak askotarikoak dira.

Euskarazko Wikipediak emakumeen biografiak sortzeko lehiaketa bat antolatu du. Martxoaren 1ean hasi zen eta abenduaren 2an amaituko da. Bi hilabetetan, 476 emakumeren biografiak sortu dituzte. Durangoko taldeak 75 egin ditu.

Wikiemakumeok euskaraz taldeak jende gehiago behar du indarkeria sinbolikoa apurtzeko, hau da, emakumeek komunikabideetan duten ikusezintasunari buelta emateko. Interesatuaek wikiemakumeokdurango@gmail.com helbidera idatz dezakete.