«Ez gaude beti ados gure artean baina borroka indartzea eta garatzea da lehentasuna»

Iparraldaen feminismoak ez du, inondik ere, Helgoaldean duen besteko indarra, baina hango aktibistak aliantzak sortzen, mugimenduarentzat hain garrantzitsua den horretan, oso trebeak dira. Lola García Baionako PAF (Pour une Alternative Feministe) taldearen izenean hitz egin zuen ‘Salda Badago’ Durangoko Jardunaldi Feministetan eta bertan ekintzarako batasunaren alde egin zuen.

Iparraldean feminista gutxi dira, azaldu zuenez. Talde batzuk sortu dira behar jakinei erantzuteko eta denborarekin batzuk bizirik daude eta beste batzuk desegin dira. Borroken artean, abortatzeko eskubidearena eta emakume errefuxiatuen harrera aipatu zituen.

Baionan “apezpiku tradizionalista potente” bat dute eta abortuaren eskubidea mehatxatua egon da

Abortuaren eskubidea

Baionan “apezpiku tradizionalista potente” bat dute eta abortuaren eskubidea mehatxatua egon da, azpimarratu zuen. Horregatik, “borroka hori biziki garrantzitsua izan da”. Leku publikoetan eta festetan bereziki izandako eraso sexistek ere batu izan ditu.

Aurtengo jaietarako Iruñeko protokoloa hartu dute eredu. Gainera, pedagogia egin dute eraso sexistak zer dira azaltzeko, bortxaketatik harago. Azken urteetan peña eta ostalari askoren inplikazioa lortu dute euren kanpainetan.

Gai horietan guztietan egin duten elkarlana nabarmendu zuen Garziak. Bertako emakumeekin edo  feminista frantzesekin aliantzak ez dira errazak izan baina PAFen erabakia elkarrekin lan egitea izan da. “Ez gaude beti ados gure artean, baina hautu batzuk egin ordez momentu oro batasuna lehenetsi dugu gure borroka indartzeko eta garatzeko”.

Hego Euskal Herriko mugimendu feministarekin saretzea ezinbestekoa ikusten dute

Hegoaldeko greba

Hego Euskal Herriko mugimendu feministarekin saretzea ere ezinbestekoa ikusten dute. Bertako emakumeekin harremanak izateak euskal nortasuna bermatzeko balio du, PAFen ordezkariaren iritziz. “Bien artean gaude”, Euskal Herria eta Frantziaren kultura eta erreferentzia desberdinen artean.

Hego Euskal Herriaren agenda eredugarria iruditzen zaie. Greba feministak lortu zuen arrakasta, adibidez, “guretzat hunkigarria izan zen eta esperantza eman zigun baina momentuz ez dugu lortzen eta ez dugu lortuko Frantziako Estatuan pausu hori ematea”, aitortu zuen.

Hala ere, hasi dira ekintzak eta grebak antolatzen leku batzuetan. “Irakaslea naiz eta nire ikastetxean emakume guztiak greba egiten dugu”. Horretaz gain, beste batzuekin elkartzen dira, Baionako plazetan aldarrikapenak egiteko. Momentuz gutxi dira baina gero eta gehiago izatea espero dute

PAF-en historia

‘Berria’ri emandako elkarrizketa batean, Lola Garciak PAFen sorrera azaldu zuen. 2009an jaio zen taldea. 2005eko jaietan bortxaketa batzuk gertatu ondoren, Jean Greneten orduko alkatearen adierazpenek feminismoaren aldarria berpiztu zuten. Neska batek bere gaina kentzen badu, arrisku gehiago daukala esan zuen agintariak.

Hasieran gaualdiak eta konferentziak antolatu zituzten. Horretaz gain, LGTB+ eskubideen alde ere egin zuten baina pixkanaka ohartu ziren patriarkatuak jendartean eragiten zituen arazo guztiak areagotu egiten zirela jaietan. Beraz, gaua eta kaleak emakumeenak ere badirela aldarrikatzen eta banderolak eta protokoloak egiten hasi ziren.