‘Ez dogu zor ezer’ disko feminista kaleratu du Haize-arrosa taldeak

Ikuspegi feminista nabarmena duen ‘Ez dogu zor ezer’ diskoa kaleratu du eskualdeko musikariak biltzen dituen Haize-arrosa taldeak. Lan berria gauzatzeko Karmele Jaio, Onintza Enbeita, Miren Amuriza, Itziar Ituño edo Francis Díezen kolaborazioak izan dituzte, besteak beste.

Taldeari eta diskoari buruz gehiago jakiteko Adurtzeta Ania elkarrizketatu dugu.

 -Eneritz Gorrotxategik eta zuk, Edurtzeta Ania, Ene Bada! taldea sortu zenuten, eta hamarkada bat egin ondoren taldea desegitea erabaki zenuten. Hori 2007an izan zen. Noiz erabaki zenuten berriro elkartzea?
-Eneritzek (trikia eta ahotsa) eta biok sortu genuen Ene Bada!, eta Markos Murillok (gitarra elektrikoa eta akustikoa) eta David Vallejok (bateria) osatzen zuten taldea. Haize-arrosara gehitu dugun Peio Agirre (baxua) ez zen gurekin egon baina bai bere anaia Aitor. Orain hasiko dugun denboraldi honetarako Gorka Molero gitarra jolea gehituko zaigu. Beraz, seikotea izango gara. Haize-arrosa taldeak, hala ere, ez du zerikusirik izango Ene Bada! taldearekin. Orduan erromerietako talde bat ginen, eta hau proiektu guztiz desberdina da. Hemen itzelezko fusioa egin dugu eta estilo anitzak lantzen ditugu. Sarritan errazagoa da estilo bat finkatzea, baina guk kantuak etorri zaizkigun modura egin nahi izan ditugu. 

-Ia 15 urte izan ziren zuen berririk gabe
-Ene Bada! desegin eta gero bakoitza geure aldetik ibili gara eta musika estilo oso anitzetan. 2021eko abenduan Eneritz eta biok kafe bat hartzeko gelditu ginen eta orduan sortu zen galdera: ‘ez duzu faltan botatzen?’. Familia edukitakoak gara eta umeak pixka bat hasita ditugunez, berriro elkartu eta proiektu intimo bat lantzeko gogoa sortu zitzaigun. 2022an ia inori ezer esan barik elkartzen ginen, baina proiektuak sortzen hasi ziren; Berrizko taldeekin disko bat argitaratzeko ‘Ez’ kantua grabatu genuen eta 2023ko martxoaren 8rako ‘Tortolaraino’ singlea grabatu genuen. Horrek dena disparatu zuen.  

Helduagoak

 -Orain ‘Ez dogu zor ezer’ lehen diskoa kaleratu duzuenez, jarraitzeko asmoa izango duzue, ezta?
-‘Ez dogu zor ezer’ singlea irailean argitaratu genuen eta gero, Liburu eta Disko Azokarako albuma argitaratu genuen. Iaz dozena bat kontzertu inguru eman genituen eta abenduan zehar diskoaren aurkezpena egiten ibili ginen. Nahiz eta hasieran inongo pretentsiorekin hasi ginen, gogotsu gaude eta pertsona zein musikari moduan helduagoak garela konturatu garela. Urte osoan ibili gara kantuak prestatzen eta letrei zein mezuei eman nahi izan diegu garrantzia; horregatik kolaborazio inportanteak lortu nahi izan ditugu: Onintza Enbeita, Miren Amuriza, Karmele Jaio, Eneko Abasolo ‘Abarkas’, Unai Iturriaga, Itziar Ituño, Doctor Deseo taldeko Francis Díez,… 

 -Hamar abesti tartekatu dituzue diskoan eta ikuspegi feminista nabarmena da, ezta?
-Bai, horrela da. Gure diskoa aurkeztu dugunean proiektu bat aurkeztu dugu, eta bilduma honek protagonista bat du: Baltzarana. ‘Baltzarana’ gure kantuetako bat izateaz gain, emakume izateagatik eta arrazoi desberdinengatik (itxura fisikoari, sexu-orientazioari, azalaren koloreari, eta abarri lotuta) diskriminatuta sentitzen den edonor islatzen du, norberaren lekua bilatu eta defendatu izan behar izan dugun guztiok islatzen gaitu. Azken finean, denok izan gara baltzaranak bizitzaren momentu desberdinetan

Istorio bat

-Nondik dator pertsonaia hori?
-Baltzarana euskal kopla tradizionaletan sarritan agertu den pertsonaia zan. Ardoaren kolorea zuena, zerbitzaria zena, prakak josten zituena… Baina guk pertsonaia horri buelta eman diogu eta gure baltzaranak, alargun gelditzen denean, bere ezkon-eraztuna saldu egiten du eta hor dator bere liberazioa.   

 -Bera da abesti guztietako protagonista?
-Bai. Gure protagonistak bide bat egiten du kantu bakoitzean. ‘Haize-arrosa’n esaterako, galduta eta bere bizitza noraezean dago. ‘Ez’, hiru hizkuntzatan abesten dugu, eta bertan azaltzen den mezua zera da, ‘ez beti da ez’. ‘Gezurretan ala?’ kantuan hitz horren dikotomiaz ari gara: gezurra minik ez egiteko eta mina egiteko erabiltzen da. Emakume talde batekin topo egiten duenean ‘Tortolaraino’ dagoela aitortuko du. ‘Norbera’ abestian esaten duguna zera da: bakoitza den modukoa dela eta albokoek garen modukoak garela onartu behar dute. ‘Ez dogu zor ezer’ kantuan berriz, egunerokotasunean edertasunaren kanonei ematen zaien garrantziaz ari gara, ideia horrekin apurtu behar dela eta gorputzen aniztasunean dagoela edertasuna. 

 Disko osoa istorio bat da beraz.
-Bai. Abestiak banan-banan entzun daitezke, baina guk lotu eta bide bat egin nahi izan dugu.  

 -Zelan lortu duzue hain letra-egile ezberdinekin osotasun horretara heltzea?
-Diskoan parte hartu duten guztiei esan diegu zein den gure proiektua eta beraien aldetik eduki dugun prestutasuna itzela izan da. Karmele Jaiori eskatu genion baimena, taldearen izenerako eta kantu baterako bere poemetan inspiratu ginen. Beste kasu batzuetan letra-egileei nahi genuena eskatu genien eta beste batzuetan askatasun osoa izan zuten.