Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak azaroan izango dira Durangon

Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak azaroko zubian, Durangon izango dira, ‘Salda badago’ lelopean. Antolatzaileek 3.000 emakume inguruk parte hartuko dutela espero dute. Ekitaldiak Liburu Azoka antolatzen den esparru berean kokatuko dira. Jardunaldietako hiru egunetan —azaroaren 1etik 3ra— 24 hitzaldi eta 12 tailer egitea aurreikusten da. Historikoki, honelako jardunaldietan gai zehatz bat edo batzuk aukeratu dira ardatz modura. Momentuz ez da zehaztu zein izango den aurtengoa. Izan ere, asanblada irekietan egiten ari diren bileretan erabakiko da. Aztergai dauden gaiak 5 ardatzetan banatu dira: 1) Mugimendu Feministaren erronkak 2) Gure dibertsitatea erdigunean 3) Indarkeriarik gabeko bizitzak eraikitzea 4) Gorputzak, burujabetzak eta dekolonialitatea 5) Sexualitateak

Aizpatasuna eta ahalduntzea

Dena den, jardunaldien asmoa ez da bakarrik eztabaidak sustatzea. Beste heburu batzuk ere baditu egitasmo honek:

  • Kolektibo feministen eta emakume elkarteen arteko esperientziak eta ezagutzak konpartitzea, ahizpatasuna lantzea, eta guztion ahalduntzea bultzatzea.
  • Feminismoaren barruan dagoen aniztasuna jorratzea, eta intersekzionalitatearen ikuspegitik aliantzak sortzea.
  • Mugimendu feministaren egungo gatazkak, erronkak eta antolakuntza ereduak identifikatzea eta eztabaidatzea.
  • Euskal Herriko emakumeen prekarizazioa eragiten duten arazoei (indarkeria matxista, arrakala soziala, zaintzaren ardura, sexuaren araberako lan banaketa…) erantzuteko estrategiak diseinatzea.

Aurreko esperientziak

Orain arte lau jardunaldi feminista egin dira Euskal Herrian. Lehenak 1977ko abenduan izan ziren Leioan (Bizkaia) eta, besteak beste, sexualitateaz, abortuaz eta antisorgailuez, bortxaketez, medikuntzaz, militantzia ereduaz eta hezkidetzaz eztabaidatu zen. Bigarren jardunaldiak ere, 1984ko martxoan, Leioan izan ziren; hausnarketa teorikoetan sakontzeko aukera eman zuten, eta eremu publikoetan zeuden diskriminazioak aztertu ziren. Handik hamar urtera, 1994an, hirugarrenak heldu ziren, EHUren Leioako campusean, eta bereziki mugimendu feministari eragiten zioten gaiei buruz eztabaidatu zen. Laugarren jardunaldiak hamalau urteren ostean egin ziren, 2008ko apirilean, Portugaleten (Bizkaia), EHUko Nautikako Unibertsitatean. Belaunaldi guztietako emakumeak bildu ziren, ardatz hauen inguruan: Emakumeak hemen eta munduan; indarkeria sexista eta identitateak eta gorputz intsumituak.

Talde antolatzailea

V. Jardunaldietako talde antolatzailea osatzen duten elkarteak Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde desberdinetako mugimendu feministako kideak dira. Bertan daude, besteak beste, Arabako Emakumeen Asanblada, Sare Lesbianista, Neska Gazte Sarea, Medeak, Bilgune Feminista, Plazandreok, Emakume Internazionalistak, Bizkaiko Emakumeen Asanblada, Mujeres del Mundo Babel, Feministalde eta Forum Feminista Maria de Maeztu.