Estatuko Prostituzio Abolizioaren aldeko I. Martxa egin da Bartzelonan

Prostituzioaren Abolizioaren Aldeko Mungimenduak Estatuko I. Martxa Abolizionista antolatu zuen Bartzelonan pasa den larunbatean. Helburua prostituten deskriminalizazioa eta osoko laguntza ematea eta proxeneta eta bezeroak penalizatzea zen. Prostituzio ugari dagoen El Raval-en hasi zen manifestazioa eta auzoa zeharkatu zuenean prostituta batzuek desadostasuna adierazteko kolorezko aerosol pintura zizpriztindu zuten pankarta. Pasadizo hori hartu zuten hedabide batzuek protesta feminista eragile sozialen elkarren kontrako talka modura aurkezteko.

200 emakume baino gehiagok hartu zuten parte manifestazioan, Katalunaykoez gain, Galizia, Albacete, Madril, Murtzia, Valentzia, Andaluzia eta Nafarroatik etorritakoek. Gainera, 200 elkartek eta 3.000 pertsonak eman zien atxikimendua manifestuari.

Abolizionistek, prostituzioa desagerrarazteaz gain —betiere prostitutak kaltetu gabe eta haien kontra egin gabe—, alokairuko sabela eta pornografia debeka daitezen nahi dute, horiek guztiek emakumearen gorputzaren esplotazioa eta bortizkeria matxista eragiten dutelakoan daude eta.

Manifestazioaren aurreko lerroetan Rosen Hitcher zegoen. Berak prostituziotik bizirik atera dela ikusten du bere burua eta beste emakume batzuekin batera Europako hainbat herrialdetan egon da abolizioa bultzatzeko. Bere ondoan, Ana de Miguel eta Victoria Sendón filosofo ezagunak. ‘Emakumeen Bakearen alde’ lelopean egin zen protesta. Lelo hori Suedian ere erabili zen. Herrialde horretan abolizioak prostituzioa gutxitu egin du. Legeztatuta dagoen herrialdeetan, Alemanian eta Holandan, berriz, egoerak txarrera egin du, hainbat informazioren arabera.

Martxa udaletxearen aurrean amaitu zen manifestua irakurri ondoren. Balorazioa sare sozialetan argitaratu zuten antolatzaileek handik gutxira: “Prostituzioaren abolizioaren alde eta sabelaren alokairuaren kontra oihu egin dugu argi eta garbi. Emakumeen bakea aldarrikatu dugu. Historia egin dugu lehenengo martxa honekin eta gehiago egongo dira zapalkuntza sexualarekin bukatu arte”.

Estatu Espiniarra, helmuga sexuala

Estatu Espainiarra da Europako lehen helmuga sexuala, eta munduko ospetsuenariko bat. Arrazioak: eguraldi ona, emakumeen eskaintza zabala eta merkea eta araudi malgua. ‘El Mundo’ egunkariak dioenez, aho sexua 5 eurotan dago eta “60 euroren truke ‘osoko bat’ hotel logela, maindire garbiak eta argi psikodelikoak barne hartuta”. Estatu Espainiarrean Catalunya eta Bartzelona dira eskaintza ugarienetakoa dutenak. La Jonquerako ‘Paradise’ burdela, adibidez, Europako handiena bezala aurkezten da eta 200 emakume eskaintzen ditu.

Abolizionistek emandako datuen arabera, emakumeen esplotazio negozioa proxeneta-sareen eskuetan dago eta Estatuan bakarrik 5 milioi euro produzitzen ditu eguneko. Sare horiek lobby-a egin dute prostituzioa lan modura eta norbere askatasunarekin lotutako ideia bezala aurkezteko. Eragin handia dute: unibertsitatearen eta mugimendu feministaren parte batean oniritzia lortu dute. Izan ere, manifestazioaren aurreko egunetan horietako pertsona eta talde batzuek prostituten eskubideen alde eta emakumeen salerosketaren kontra komunikatu bat atera zuten, martxa abolizionista krikitatzen zuten bitartean.

“Muturreko indarkeria”

Abolizioaren Aldeko Emakumeek Prostituzioa emakume eta nesken aurkako “muturreko indarkeria” dela diote adierazpenean. “Gizonek eta gizonentzat eraikitako legez kanpoko merkataritza da eta emakume eta nesken gorputzak dira lehengaia”, azpimarratu dute.

Lanaren Erakunde Internazionalaren arabera, 4,5 milioi pertsonak osatzen dute sexu esplotaziorako biktimen kopurua, euretatik %90 emakume eta neskak dira. Abolizionistek azaldu dutenez, “emakumezkoen salerosketa eta prostituzioa sexu industriarekin elkar-lotutako errealitateak dira. Emakumeen salerosketak emakume zein neskez hornitzen du prostituzioa”.

Bestalde, gestazio subrogatuaren kontra agertu dira, “emakumeenganako indarkeria da” eta. “Baztertze arriskuan dauden emakumeen birsortze-esplotazioa eta adin gutxikoen trafikoa da. Azken hauek trafikoaren helburu bihurtzen direlarik”. Gainera, “lokairuko sabelak integritate moral zein fisikoaren aurka egiten du eta amen filiazioaren kontrakoa da”. Izan ere, “adin gutxikoek euren jatorria ezagutzeko eskubidea ukatzen du”.