Erreparazio kontzeptua, indarkeria matxistari aplikatzeko irizpidea

EUDELek eta Emakundek tresna tekniko bat aurkeztu dute tokiko erakundeek indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen erreparazio-eskubidea zehazteko eta gauzatzeko, udal eskumeneko esparruaren baitan eta justizia ezartzeko prozesuarekin batera.

Izaskun Landaidak (Emakunde) eta Gorka Urtaranek (EUDEL) hartu zuten parte aurkezpenean. Esan zutenez, Espainiako estatuan ez dago antzeko tresnarik eta gida didaktiko forma hartu du.

Istanbulgo Hitzarmenaren nazioarteko esparruan, erreparazio printzipioak esan nahi du indarkeria matxistaren biktimen eskubideak jarri behar direla erreparaziorako arreta eta tokiko egitarau prozesu osoaren erdigunean, beharrak eta eskaerak entzun eta erantzunez.

Biktimen kontzeptua berrikustea

Emakundek prentsa ohar batean azaldu duenez, aitzindaria izateaz gain eta giza eskubideen ikuspegian oinarritua egoteaz gain, gidaren beste alderdi berritzaile bat biktimen kontzeptua berrikustea proposatzen duela da, “biktima guztiekiko eta indarkeriak beren bizitzetan dituen inpaktu guztiekiko ikuspegia zabalduz, eta horien bizirik irauteko ahaleginak eta gaitasunak gogoan hartuz”.

Era berean, legedia eta araudia (nazioartekoa, estatukoa eta autonomikoa) berrikusten ditu, eta aztertzen du tokiko gobernuek zer eskumen tarte duten indarkeria matxistaren aurkako borroka arloko ekintzak ikuspegi erreparatzailea erabiliz gauzatzeko. 

Argitalpenaren egituran honako atal hauek daude: kontzeptuetara hurbiltzea, arauen aipamena eta erreparazio printzipioaren garapenean udal arduradunek aintzat hartu beharreko araudia eta jarraibideak.

Erreparazio printzipioa dagoeneko lantzen ari diren udalerri batzuen praktika egokiak ere jaso dira, hala nola: Andoain, Basauri, Urduliz, Vitoria-Gasteiz eta Durangaldekoak. Tamaina eta lurralde guztietako udalerrien esperientziak erreferentzia izan daitezke beste udal batzuetan lanari ekiteko.

Gida hiru hizkuntzatan egin da (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesaz), eta 1.000 ale banatu dira euskal udal guztietan. Bi bertsio editatu dira, bata bertsio teknikoagoa dena, eta bestea aplikazio praktikoko funtsezko alderdiak laburtzen dituena.