Erreboluzio Feministaren II. Urtea

Orain dela hiru urte, norbaitek aurtengo eta iazko martxoaren 8ak horren ikusgarriak izango zirela esango balu, inork ez luke sinetsiko. Gertatu den eklosioak ezustean harrapatu gaitu eta egun hauetan sortu diren galderak erantzun baten zain daude.

Argi dagoena zera da: hau ez da egun bateko lorea. Hau, feminismoa existitzen denetik, hainbat borroka, heriotza, espetxeratze, jazarpen, baztertze, gutxiespen eta diskriminazioren ondorioa da. Azken 300 urtetan zehar jasandako zapalkuntzaren ondorioa hain zuzen ere

Beste arrazoi hutsal batzuk ere aipa genitzake. Esate baterako, ‘Feminismoa’ 2017. urteko hitza izan zela edota askok eta askok etiketa hori gero eta gehiago erabiltzen dutela euren markak zuritzeko. Kasu nabarmenenenak Ana Patricia Botin edo Albert Riverarenak izan daitezke, horrek gaia egunkari eta albistegietako lerroburuetara eraman duelarik.

Anekdotak alde batera utzita, XXI. mendeko iraultzaren aurrean gaudela esan genezake. Azkenaldian aurreikusi genuena, ‘Iraultza feminista izango da ala ez da izango’, alegia, martxan dago. Erreboluzio Feministaren II. urtea bizitzen ari gara.

Galderetako bat: Zergatik orain, hain justu? Nazioartean gertatu diren azken urteotako emakume-protestek estatu espainiarrean eta beste lurraldeetan metxa piztu dutela pentsatzen dute aktibista eta teoriko askok. “Ni una menos’ hilketa matxisten kontrako kanpainak Argentinan, ‘Me Too’-k Estatu Batuetan, emakumeen kate erraldoiak Indian, emakume kurduen ISISaren aurkako borrokak, besteak beste, zerikusi handia izan dute aurtengo eta iazko martxoaren 8ko mobilizazio erraldoiekin. Hitz gutxitan esanda, akuilua mota desberdinetako emakumeon aurkako indarkeria izan da.

Bestalde, mugimendu feminista, Euskal Herrian behintzat, aldarrikapen askoren abangoardian egon da. Kapaza izan da emakume garbitzaileen, erresidentzietako eta etxeko langileen borroken indarrak batu eta baztertuen kolektiboekin (LGTBI, arrazakeriaren kontrako elkarteak, STOP etxegabetzeak, behargin prekarioak…) bat egiteko.

Grebaren arrakasta azaltzeko, Susan Faludik feminismoaren kontrako erreakzioa ederki deskribatu zuela ere kontuan izan behar dugu. Feminismoak burua ateratzen duen bakoitzean emakumeok pairatzen dugun indarkeria areagotu egiten da. Ez bakarrik fisikoa edo psikologikoa, bortizkeria estrukturala ere bai, sistemaren egitura eta maila guztietan errotua dagoen biolentzia.

Erreakzio aroa bizi dugu orain ere. Horren erakusle da, eztanda feministarekin batera, mundu osoan ultraeskuina berpiztu dela. Hor daude Trump eta Bolsonaroren garaipenak Estatu Batuetako eta Brasilgo hauteskundeetan, VOXen ezusteko arrakasta edota ‘manadak’, basati talde desberdinen ankerkeriak.

Neoliberalismo patriarkalaren porrota

Gainera, krisi sistemiko baten barruan, neoliberalismo patriarkalean porrotaren erdigunean gaude. “Krisia geratzeko etorri da”, aldarrikatzen du Amaia Pérez Orozko ekonomialari eta aktibista feministak. Txinatarren hizkuntzan krisiak aukera esan nahi du. Krisiak, beraz, ez digu ondoeza bakarrik ekarri, abaguneak ere bai.

Testuinguru honetan, feminismoak aurrean duen erronka ez da soilik haserrea kudeatzearen premia, baizik eta sistema baztertzaile, arrazista, klasista eta predatzaile honen eraldaketan parte hartze aktiboa izatearena ere bai. “Kapital-bizitzaren gatazkaren erdian gaude. Feminismo apurtzaile eta politizatua behar dugu guztiontzako lekua duen gizarte berri bat eraikitzeko eta horretarako neoliberalismo eta kapitalismoaren arauak apurtu behar ditugu”, ohartarazten du Pérez Orozkok.

Martxoaren 8ko greban erakutsi dugun indarra kudeatzearen beharra ikusten da orain, aniztasuna errespetatuta eta barne eta kanpoko tentsioak gestionatuta. Baita feminismoaren inguruan egiteko pedagogiaren premia ere. Izan ere, greban parte hartu edo babestu zutenen artean, asko eta asko ziren euren esperantzaren arrazoiaren erantzuna emateko prest ez zeudenak edo haien papera zein zen ez zekitenak.

Nolanahi ere, feminismoa eraldaketa sozialerako ezinbesteko tresna bihurtu da dagoeneko. Amildegiaren ertzean gaude. Patriarkatua heriotza da eta feminismoa, berriz, bizitza eta itxaropena.

Utzi erantzuna