Erreakzioa martxan dago… Eta (zorionez) akzioa ere bai

Erreakzioa martxan dago. Hobeto esanda, beti egon da hor. Baina eskuin muturrarren berpiztea ideologia horri eusten dioten hainbat eragilek feminismoaren kontrako ikuspegiei arnasa eman diete. Hain zuzen, egunotan alarmak piztu dituzten hainbat berri jaso ditugu:

  • VOXek Andaluzian genero bortizkeria desagerrarazteko kanpainan garaipena lortu du. Elkarte autonomo horretan biolentzia matxista kasuak familia barruko indarkeriatzat hartuko dira aurrerantzean. Garaipen sinbolikoa da baina esanguratsua ere bai. Gainera, genero indarkeriaren kontrako borrokan atzerapausua suposatzen du, are gehiago eskakizun bera Madrileko PPri Alkatetza emateko sinatutako akordioan ere agertzen denean. Kontzeptualizazio berri horrek bi gauza esan nahi ditu: lehenengoa, familiaren barruan gauzatutako biolentzia kasu guztiak berdinak izango dira (iruditerian behintzat); beraz, gizonek emakumeei eragindako bortizkeria emakumeak izateagatik, hau da biolentzia matxista, ez da existituko. Bigarren ondorioa: familiaz kanpoko erasoak delinkuentzia arrunta izango dira, nahiz eta bikotekide ohiarengandik etorri. Beste era batera esanda, bortizkeriaren kontrako legea indargabetzea da VOX-ek eskatzen duena eta itunak sinatu dituen lekuetan hori gertatuko da ahal den neurrian.
  • Aldi berean, erlijio-integristen salaketen ondorioz, Nafarroako hezkidetzako ‘Skolae’ programaren arduradunek epailearen aurrean deklaratu behar izan dute pasa den astean. Ekimenak kultura berdinzalea sustatzea eta indarkeria sexista txikitatik lantzea ditu xede eta abian dago jada Nafarroako eskola guztietan.
  • Vatikanoan Frantzisko aita santua ‘genero ideologia’ hezkuntzan sartzearen kontra agertu da azken egunotan, oraingoan dokumentu batean argudioak azalduta. Ikuspuntu honek feminismoaren proposamenak demonizatu egiten ditu eta eskolan berdintasuna lantzeko ekimenak oztopatu nahi ditu. Diskurtsoa zaharra da baina aita santuaren adierazpenek gaiari gaurkotasuna eman diote berriro.
  • Emakumeen hilketak ere erreakzioaren beste adierazpen batzuk dira, andren kontrako erasoak eta jazarpen homofobo eta transfoboa. Denak areagotzen ari dira azkenaldi honetan. Matxismoaren aspaldiko menpekotasunetik aske sentitzen saiatzen garenean patriarkatuak biolentzia erabiltzen du gizarte-ordena bermatzeko. Hori eraso zuzen zein zeharkakoaren bidez gauzatzen da.

Gertaera hauek guztiak aldi berean izan dira baina elkarrengandik deskonektatuak agertzen dira eta ez dut uste hori ustekabekoa denik. Kasualitateak ez direla existitzen diote batzuek eta patriarkatuak eragindako kasualitateak direnean susmopean eduki behar ditugu beti.

Horren aurrean, emakumeok zer? M8ko azken mobilizazioetan feminismoa hemendik aurrera erabakigarria izango dela adierazi dugu. Berdintasuna sustatzen ez dituzten politikak ez ditugu onartuko, erasoei eta emakumeen hilketei gero eta ozenago erantzungo diegu, neoliberalismoak ekartzen digun pobreziaren kontra egingo dugu, lanaren kontzeptua aldatuko dugu, emakumeon protagonismoa botere esparruetan aldarrikatuko dugu, geurea dena eskatuko dugu. Erreakzioaren aurrean akzioa indartuko dugu. Ez dugu atzera pausurik onartuko. Ez handirik ezta txikirik ere.