Epai batek etxeko langileen langabezia subsidiorako baldintzak hobetu ditu

Epai batek etxeko langileen langabezia subsidioa kalkulatzeko epea luzatu du. Bilboko lan arloko 6. epaitegiak arrazoia eman dio LABi, eta ebatzi du 2022ko urriaren 1a baino lehenagoko kotizazio aldiak aintzat hartu behar direla 52 urtetik gorako langabezia subsidiorako.

16/2022 Errege dekretu-legeak dioena zuzendu du epaiak. Arau hori 2022ko urriaren 1ean jarri zen indarrean eta data horretara arteko kotizazio aldiak ez dira kontuan hartzen langabezia prestazioa eta subsidioa kalkulatzerakoan.

Europar Batasuneko Auzitegi Gorenak 2022ko otsailaren 24ko epaian ebatzi zuen etxeko langileek langabezia prestaziorik ez izatea dakarren disposizio oro 79/7 zuzentarauaren aurkakoa izango dela, “hau da, diskriminatzailea dela”, dio LABek prentsa-ohar batean.

Egoera hori zuzentzeko asmoz, Espainiako gobernuak 16/2022 errege dekretu-legea onartu zuen eta etxeko langileen hainbat eskubideren hobekuntza arautu zuen, besteak beste, langabezia prestaziorako kotizazio betebeharra eta ondoren prestazio hori jasotzeko eskubidea. Baina aurreko kotizazioak ez zituen kontuan hartzen.

Langile batek kasua

LABek auzitegIetara eraman du etxeko langile baten kasua. Emakumeak zituen kotizazio aldiak etxeko langileen erregimen berezikoak zein erregimen orokorrekoak ziren, eta SEPEk ukatu egin zion subsidiorako eskubidea.

Sindikatuak azaldu duenez, “langileak 52 urtetik gorako subsidioa eskuratzeko baldintza guztiak betetzen zituen; hain zuzen, edozein pentsio kontributibo jasotzeko baldintzak betetzea adina izan ezik, hau da, 15 urteko kotizazio aldia. Betetzen ez zuen baldintza zen bere lan-bizitzan 6 urtez langabeziagatik kotizatu izana, baina, eta hemen dago koska, 2022ko urriaren 1a baino lehenagoko etxeko langileen erregimen berezian kotizaturiko aldiak aintzat hartuz gero, sobera betetzen zuen baldintza”.

Borrokatu dena da Europar Batasuneko Auzitegiaren epaia, zein direktibaren aplikazioa zuzenak direla, eta ez dela zertan aldaketa legal bati itxaron horiek betearazteko azaldu du sindikatuak. “Bilboko lan arloko 6. epaitegiak arrazoia eman digu, europar auzitegiak etxeko langileek langabezia kotizatu ezin izatea diskriminatzailetzat jo zuela ulertuta, eta hortaz, 2022ko urriaren 1a baino lehenagoko kotizazio aldiak aintzat hartu behar direla 52 urtetik gorako subsidioen baldintzak baloratzean”.

“Epai hau oso garrantzitsua da, eta etxeko langileei arrazoia ematera dator -LABen iritziz- eta agerian uzten du beste behin etxeko langileek jasaten duten egoera diskriminatzailea”.

Borrokan jarraitzea, beharrezkoa

Auzitegiaren erabakia, gainera, “oso esanguratsua” da LABentzat. “Etxeko langileen sail sindikalak kolektibo honek dituen eskubideak aldarrikatu ditu, beste langileak dituztenekin parekatzea eskatuz”, azpimarratu du sindikatuak.

Gainera, “etxeko langileen borroka justua da, eta haien lanak Euskal Herriko bizitzak sostengatzen dituela aldarrikatu dugu. Etxeko eta zaintzako langileek langabezia-prestazioa eta subsidioa jasotzea baino gehiago merezi dute; euren lana eta kotizazioak modu erreal eta atzeraeraginkorrean aitortzea merezi dute. Behar horrek elkarrekin egotera eta antolakuntza kolektiboa borrokarako tresna eraginkor bakar gisa defendatzera bultzatzen gaitu. Sektore hau gure sindikatuaren apustua da, eta urratsak ematen jarraituko dugu eskubide guztiak onar daitezen”, konpromisoa hartu du LABek.