Emakumeek egindako zinemaren karabanak hamar urte beteko ditu

Mare (Andrea Štaka)

Urrun dago 2012a. Urte horretan `Zinemagileen artean’ karabanaren abentura hasi zen Bilbon. Amal Ramsis sortzailea den hitzetan “emakume zinemagile arabiarrek beren gizartearekiko eta munduarekiko duten begiradaren alde apustu egiten duen urteko zinema-zikloa”.

Hamarkada batean zehar, emakumeek Egipton, Japonian, Palestinan, Brasilen, Grezian, Mexikon eta beste herrialde batzuetan bizi dituzten errealitateak hurbildu dizkio karabanak Bilboko publikoari, komunikabideetan agertzen den emakume horien irudi estereotipatutik urrun. Karabanari esker, eztabaidarako eta esperientziak trukatzeko gune bat ireki zen zinemagileen eta publikoaren artean.

“Emakume zinemagileak ezagutzera ematea da karabanaren asmoa, baita zineman kristalezko sabaia apurtzea ere”, azpimarratzen du Juan Carlos Vazquezek, ‘Zinemagileen artean’ zikloa bultzatzen duen KCD ONGD erakundeko zuzendariak.

Hamar edizio ondoren, karabanak emakumeak burutzen dituzten film luzeak ekarri ez ezik, nazioarteko karabana ere bihurtu da. Horrela, beste herrialde batzuetako zuzendari andrazkoek bultzatutako, sortutako eta egindako pelikulak ere ematen ditu.

Edizio berezia

Berezia izango den edizio hau Bilboko Alhondigan gauzatuko da maiatzaren 31tik ekainaren 4ra. Bertan bost luzemetrai, bost istorio, Frantzia-Aljeria, Sudan, Brasil, Jordania eta Suitzako bost zinemagile izango dira, baita Kairon eta Bilbon burututako taillerren emaitzak diren lau laburmetraia ere. “Dagoeneko 10 urtez eskaini dira nazioarteko zinema-profesionalek egindako pelikulak, agerian jartzen dituztenak emakumeek genero-arrakala ezabatzerakoan aurrez aurre aurkitzen dituzten erronkak”, gogorarazten du Vazquezek.

Karabanak bi emanaldi izango ditu egunero, 16:30etan eta 19:30etan. Zuzendariekin urtero eskaini ohi diren eztabaidak bigarren saioan izango dira. Egunero, film luzea amaitzean, ikusleek, beti anitzak eta pluralak izan direnek, zinemagileen eskutik lana gertuagotik ezagutzeko aukera izango dute. Sarrerak, 2,70 euro bakoitzak, leihatilan zein online daude salgai. Gainera, 5 sarrera lortzeko 10 euroko txartelak ere erosi ahalko dira (gehieneko 2 sarrera saio bakoitzarako.

Kartela baino askoz gehiago

Hamargarren edizio honetako irudiak ‘balkiria’ batzuk ditu. Jainkosa hauek ‘Zinemagileen artean’ Emakumeek egindako Zinema Karabana honetako filmak Bilbora ekartzeaz arduratzen dira. Egiptoko Doaa el-Adl artistaren diseinua da. Bera istorio eta karikatura politikoengatik ezaguna da, eta 2012an sortu zenetik, zikloaren kartel guztiak asmatu ditu.

Aurten ikusi ahalko diren pelikulak hurrengo hauek izango dira: Their Algeria (Lina Soualem), Khartoum offside (Marwa Zein), Meu querido supermercado (Tali Yankelevich), Tiny souls (Dina Naser) eta Mare (Andrea Štaka). Horrez gain, Kairoko Sortze-Dokumentala tailerraren ondorioz egindako The flower of Maryam eta Mama, I want to tell you something film laburrak eskuragarri egongo dira, baita Manos, pies, agua y alguna calabaza, eta Los sentidos alterados, emakume mugituentzako partaidetzako bideo-tailerraren emaitza ere.

Their Algeria (Lina Soualem)
Cinemed jaialdian saritu izan zen dokumental honek, 60 urteko bizikidetzaren ondoren, bikote baten banantzeari heltzen dio. Bilobak aitonaren eta amonaren erbesteko eta isiltasunezko bidaia luzeari buruz hausnartzen du.

Khartoum offside (Marwa Zein)
Askotan saritua, Sudango emakume gazteen talde batek futbol profesionalean jokatzea erabaki du, herrialdeko gobernu militar islamiarrak debekatuta izan arren

Meu querido supermercado (Tali Yankelevich)
Ikus-entzunezko honek supermerkatu bateko langileen errealitatea erakusten du. Eremu txikian murgilduta egon arren, pertsona horiek uko egiten diote errutinak beren espiritua bahitzeari.

Tiny souls (Dina Naser)
Dokufest jaialdian saritutako lan honek Jordaniako errefuxiatu-esparru bateko hormen barruan 9 urteko neskato baten bizitza jarraitzen du zuzendariak. Lau urtez, haurtzarotik nerabezarorako aldaketa jasotzen du.

Mare (Andrea Štaka)
Zenbait sari dituen film luze honek aldaketa eta ezezaguna dena irrikatzen duen Mareren bizitzan murgiltzen da. Egun batean, mutil gazte bat etortzen da aldameneko etxera, eta Marek proban jartzen du bere bizitza.