ZINEA
Emakumeak eta gerrak, pantailara

Zein da emakumeen eginkizuna gerretan? Zein harremana du feminismoak gatazka armatuekin? Galdera horiek ez dute erantzun errazik. Agian andra ‘Zinemagileen arteko 8. Karabana’ -ko filmak ikusita topatuko ditu erantzunak ikusleak. Zinema zikloa maiatzaren 13tik 17ra izango da Bilbon, Azkuna Zentroaren Golem Zinemetan. Gaia gerra da. Bost pelikua erakutsiko dira astelehenetik ostiralera eta guztiak hiru saiotan egongo dira ikusgai: 17:00, 19:45 eta 22:15ean

Kritika eta ikusleen errekonozimendua jaso dute pelikula gehienek. Denen artean ‘Arian Komandantea’ da beharbada ezagunena gurean. Dokumental onenaren kategorian izendapena lortu zuen 2018ko Gaudí Sarietan.

Siriako Kurdistanen Estatu Islamikoaren (EI) aurka ari ziren Emakumeen Babes Unitateak (YPJ) dira dokumentalaren protagonistak. Kobane hiriaren defentsan borrokatu zuten 2014a eta 2015aren artean. Arian komandantearen aginpean jardun zuen emakume talde batek. Alba Sotorra zuzendaria haiekin bizi izan zen denbora luzean eta euren esperientziak, ez bakarrik gerran baizik eta inguru intimoan ere, batu zituen bere lanean.

Dokumentalean asaltzen dutenez, EIren kontrako borroka, borroka feminista bezala ikusten dute. Eurentzat gerra da emakumeak Estatu Islamikoaren mehatxutik askatzeko modu bakarra,  bai presenterako, bai etorkizunerako. Izan ere, Daesh-entzat emakumeek ez dute ezer balio. Horregatik bahitutako neskak bortxatzen zituzten edota burua mozten zieten. Kobaneko emakumeentzat borroka ezinbestekoa izan da. Hil ala biziko kontua. Dagoeneko EI desagertuta dago munduko leku horretan.

Zikloaren antolatzaileen hitzetan “filmaketa intimista aurkeztuko digu Sotorrak, Arian-ek jasotako tiro-zaurien sendatze motelaren sekuentziak gehitu dituena eta misio bat duen emakume baten erretratua dena”. ‘Arian komandantea’ zikloaren azken filma izango da eta ostiral 17an proiektatuko da.

8. Karabana zabalduko duen filma datorren astelehenean Amal Ramsisen ‘Urrutitik zatozte’ (‘You come from far away’) izango da. 19.45eko saioa gonbidatuentzat baino ez da izango eta zuzendariak berak aurkeztuko du filma. Pelikulak familia palestindar baten istorioa kontatzen du. Aita, Najati Sidki komunista palestindarra, Francoren aurka borrokatzera etorri zen Espainiara 1936an. Familia gertakari anitzen ondorioz sakabanatu egin zen: Espainiar Guda Zibilaren, Bigarren Mundu Gerraren, Palestinako Nabkaren edota Libanoko Guda Zibilaren ondorioz. Familia honi gertatutakoa XX. Mendean jazotakoen metafora zela zirudien. Dulia (Dawlat arabieraz) Errusian galdu zen Espainiako Guda Zibilaren ondoren, eta senideengandik 20 urtez urrunduta egon zen.

Emanaldia osatuko duten beste 3 filmak hauek dira:

ASTEARTEA

19.45ean Anja Kofmel zuzendariak aurkeztutako saioa (zeinu-hizkuntzako interpretearen zerbitzuarekin)

  • CHRIS THE SWISS. Anja Kofmel (Suitza, Alemania, Kroazia, Finlandia, 2018, 90 min. / Frantsesa, alemaniera, ingelesa, gaztelera, azpitituluak gazteleraz)

Urrezko Saria garapenerako proiektu onenari 2013ko Zagrebeko Animaziozko Pelikulen Nazioarteko Jaialdian. Dokumental onenaren eta pelikula onenaren sariak 2019ko Triesteko Zinema Jaialdian. Pelikula onenaren saria Zuricheko Zinema Sarietan. Dokumental onenaren kategorian. izendapena 2018ko Atenaseko Nazioarteko Zinema Jaialdian. Urrezko Begia, Urrezko Kamera eta Kritikaren Asteroko Sari Handia sarietan izendapena 2018ko Canneseko Zinema Jaialdian.

Anjak txikitatik Cristhian Würtenberg-en (bere lehengusuaren) istorioa mirestu izan du. Balkanetako Gerrari buruz idaztera eta ikertzera joandako kazetaria izan zen bera, 1992an hilda agertu zena. 25 urte geroago Anja gertakizun horien tokira joango da, bere lehengusuaren heriotzaren zergatia argitzeko asmoz. Ikerketan bere lehengusuaren lehenengo aztarnak batzen hasiko da, zeinaren lagunek “suitzarra” deitzen zioten.

ASTEAZKENA

ASTEAZKENA HILAK 15 17:00, 19:45, 22:15

19:45ean. Marie-Clemence Andriamonta zuzendariak aurkeztutako saioa (zeinu-hizkuntzako interpretearen zerbitzuarekin)

  • FAHAVALO, MADAGASCAR 1947. Marie-Clémence Andriamonta Paes (Madagaskar, Frantzia, Belgika, Cabo Verde, Qatar, 2018, 90 min / Malgaxe, azpitituluak gazteleraz)

Munduko dokumentalak saria Montrealgo Nazioarteko Jaialdiaren 42. edizioan. 2018ko Kartagoko Zinema Jaialdiko lehen lanaren aipamen berezia.

Madagascar-en, 1947an, sistema kolonialaren aurka aritzen ziren matxinatuei fahavalo izena jartzen zitzaien:Frantziaren “etsaiak”. Azken lekukoek, lantza eta talisman hutsekin, basoan erresistentzian igarotako hilabete luzeak dakartzate gogora. 1940ko hamarkadan filmatutako artxibo irudiek bat egiten dute gaur egungo herrien eguneroko bizimoduekin. Iraganeko kontaketek eta Régis Gizavoren musika hipnotikoak garai horretara eramaten gaituzte, istorio erreprimitu horren berri izateko.

OSTEGUNA

19:45ean. Amélie Legrand, soinubandaren konpositoreak aurkeztutako saioa (zeinu-hizkuntzako interpretearen zerbitzuarekin)

  • RUDAR. Hanna Slak (Eslovenia, Alemania, 2017, 103 min. / Esloveniera, azpitituluak gazteleraz)

Aipamen berezia 2018ko Cleveland-eko Nazioarteko Jaialdian.Bi aipamen berezi Varsoviako Zinema Jaialdiaren 33.edizioan. Grand Prix – Golden Mimosa kategorian izendapena 2018ko Montenegroko Zinema Jaialdian. Atzerriko hizkuntzan egindako pelikula onenaren izendapena 2018ko Los Angeles-eko Hego-Ekialdeko Jaialdian. Publiko Gaztearen saria 2018ko Triesteko Zinema Jaialdian. Vesna saria zuzendari onenari, aktore onenari, zuzendaritza onenari Esloveniako Zinema Jaialdiaren 20. edizioan. ArgazkigintzaOnenaren saria 2018ko Los Angeles-eko SEEfest-ean. Iraniar Kritiken Elkartearen saria Teherango Nazioarteko Zinema Jaialdian. Publikoaren saria Lessinako (Italia) Zinema Jaialdian.

2009, Europar Batasuna, Eslovenia. 30 urtetan zehar,Alija meatzaria bosniar langile torkinetako bat izan da. Krisia dela eta, meatzariak euren lanpostuak galduz joan dira eta Alija meatze abandonatu batera bidali dute. Bere zeregina, gerentziak enpresa saldu baino lehen, hobia hustuta dagoela ziurtatzea da. Meatzean Alijak Bigarren Mundu Gerra osteko exekuzio batzuen arrastoak aurkitzen ditu. Meatzea hutsik dagoela esateko agintzen dioten arren, Alijak bere lanpostua arriskuan jarri eta hobia zulatzen jarraitzen du. Bertan exekutaturiko milaka pertsona aurkitu eta poliziari honen berri ematen dio.