Emakume erailak, subjektuak… Noiz ote?

Datorren urtarrilean Ofelia Hernándezen hilketaren 15. urteurrena izango da. Bere bikotekidea zen durangar batek hil zuen kolonbiarra Durango-Bizkaian 2005an. Bi seme-alaba zituen, bat erailearekin. Ordutik Andereak elkarteak ostegunero deitzen du elkarretaratzeetara bortizkeria matxistaren egunerokotasunaz kontzientzia pizteko. Zazpi urte geroago, 2012an, Gabriela Arosemena peruarra hil zen leiho batetik kalera jausi ondoren, bere mutil lagunak –beste durangar batek- etxean atrapatuta utzi eta gero. Gizona espetxeratu egin zuten horregatik.

Pasa den osteguneko kontzentrazioan herrian bertan gertatutako sexu eraso bat salatu genuen Andra Mari plazan egon ginenok. Emakume batek harridura erakutsi zuen erasoa hurbilekoa izanik hain jende gutxi egoteagatik —30 bat—. Azken egunotan gurean egondako Desbandadas aktibistek eman zizkidaten klabe batzuek laguntzen didate ulertzen.

Bai Durangoko institutoan eman zuten ‘grooming’ eta bortizkeria sinbolikoari buruzko hitzaldian, bai Udaletxearen aurrean eskaini zuten kontzertuan, argentinarrek ez zituzten entzuleak indiferente utzi. Euren mezuek barrenak astindu zizkiguten eta ondo astindu ere. ‘Pertsonala politikoa da’ leloa zer den ikusi eta sentitu genuen argi eta garbi. “Ni bortxatu naute!”, “Ni abusatu naute!” salatu zuten Desbandadasekoek gorputza tente eta aurpegia serio lurrean aurrerapausu sendoak bata bestearen atzetik ematen zuten bitartean… “Non dago Katherine Moscoso?”, ozen zioen taldeko gazte batek hildako neskaren argazki erraldoia erakusten zuen eta zigor bat buruaren gainetik borobilean mugitzen zuen bitartean, ‘far west’-eko rodeo batean balego bezala. Eta beste batek: “Orain dela 7 urte Leticia Cayuli erail zuten. Amatxo zen!”. Agertokian zeuden emakume guztiak boteretsu, serio, irmo zeuden, erantzukizun eske.

Kanten eta danborren zarataren artean kantatu, durundatu eta antzeztu zuten salaketa gordinak emozionatu gintuen, nahiz eta ondoko tabernan zeuden mutil batzuen arduragabekeria (edo amorru neurritsua) eta pintxo-potean zebiltzanen barre-algarak giro egokiena ez izan. Baina Desbandadakoak ezaxolakeriara, gutxiespenera ohituta daude. Euren hiri Bahía Blancan inor ez doan auzo pobreetara joaten dira eta “batzuetan txakurrek baino ez digute harrera egiten”, dio bandaren zuzendari Silvia Palumbok.

Izan ere, zabaltzen dituzten mezuak ez dira erraz entzutekoak –intimitatea erakustera ohituta ez gaudelako edo-. Baina eurei entzun eta gero argi daukat agresio matxistak ez direla eremu pribatuan geratu behar. Hildako, bortxatutako edo erasotutako emakumeen familiarentzat edo biktimentzat kasua ikusgai jartzea gogorra izan daiteke baina kontsolagarria da emakumeon —feministon— elkartasuna jasotzea. Horrela adierazi zuen Mónica Cidek —Desbandadas-eko kideak ere—, Micaela Ortegaren amak, institutoko hitzaldian. Bideokonferentziaren bidez azaldu zuenez, Micaelari ‘grooming’ —Internet bidezko engainua— egin zion pedofilo batek. Gizon horrek 2016an neska hil zuen  bortxatu ondoren. Argentinan oihartzun handia izan zuen kasuak eta hiltzaileari bizi guztiko kartzela zigorra jarri zioten.

Bere testigantza oso hunkigarria izan zen. Ikusi ahal izan genuenez, oso minduta dago oraindik. Ez da harritzekoa: prozesu guztian —ikerketa polizialean eta auzitegiak egin zuenean— lehen lerroan egon zen. Hala eta guztiz ere, indarrak ateratzen ditu bere herrialdean grooming-ari buruzko hitzaldiak emateko eta aurrera jarraitzeko. Eta horretarako Desbandadaseko kideek laguntza izugarria ematen diote. “Ez dut alaba berreskuratuko baina epaia garrasi eta txaloen artean entzun nuenean, hori ez dut inoiz ahaztuko”, azpimarratu zuen.

Beraren aurretik, bortizkeria sinbolikoari buruz hitz egin zuen Veronica Bajok. Adierazi zuenez, “desagertuei, erasotuei… oso garrantzitsua da izenak eta historiak jartzea. Baita aurpegiak, familiak eta afektua ere. Hori Plaza de Mayoko amek erakutsi ziguten”.

Euskal Herrian ere gauza bera egin eta egiten da ETAko kideekin adibidez… Eta hauxe da nire galdera: Gure kolpatuak eta eraildakoak noiz izango dira subjektu politikoak, aurpegiak, historiak, zenbakiak izan beharrean?