Emakume bertsolariak plazan %20 dira bertso-eskoletan presentzia orekatua egon arren

‘Jakin’ aldizkariak solasaldia antolatu du ‘Bertsolaritzaren azterketa soziologikoa 2015-2018’ ikerketako emaitzak aztertzeko. Belaunaldi desberdinetako bertsolariak, Miren Amuriza (Berriz, 1990), Andoni Egaña (Zarautz, 1961) eta Maialen Lujanbio (Hernani, 1976), gonbidatu ditu. Elkarrizketa luze batean askotariko gaiak aletu dituzte, tartean emakumeen presentzia bertsogintzan.

Gai horri buruzko datu argigarri edo deigarri batzuk azaleratu ditu ikerketak: lau bertsolaritik bat soilik da emakumezkoa eta bertsozaleen ia laurdena genero kuotak ezartzearen kontra dago. Datu positiboak ere badaude: bertsogintzaren etorkizuna feminista izango dela edo ez dela izango iradokitzen du txostenak.

«Hori ez duk bertsoa»

Bi emakume bertsolariek bertsolaritzan matxismoa oso nabaria dela azpimarratu dute. Maialen Lujanbiok, adibididez, zera entzun behar izan zuen bere ibilbidearen hasieran:  «Hori ez duk bertsoa, ez zakitek kantatzen, ze doinu… Hori ez duk euskara!». Jende helduak egiten zizkion kritikak ziren.

«Emakumeak markatuta gaude eta asko okupatzen dugu. Gizon pila bat baldin badago, aldiz, ez dira ikusten, neutroak dira» (Lujanbio)

Garaiak aldatu egin dira, eta bereizkeria beste era batera formulatzen da egun, Amurizak azaldu duenez: “Orain gure arteko eta adineko mutilak dira kritikatzen gaituztenak”.

Beste disziplina batzuetan gertatzen den bezala, bertsotan ere emakume eta mutilen presentzia orekatuta dago bertso-eskoletan, baina 18 urtetik aurrera emakume bertsolariak %20 izatera pasatzen dira.

Egañak datu horrekin harrituta dagoela dio, emakumeen portzentaia handiagoa izango zela uste baitzuen. Lujanbiok honela erantzun dio: “Emakumeak markatuta gaude eta asko okupatzen dugu. Gizon pila bat baldin badago, aldiz, ez dira ikusten, neutroak dira”.

«Berdintasun sentsazioa»

Miren Amurizaren iritzian, “gehiago garelako pertzepzio hori ere badago gutako askok presentzia handia dugulako bestelako esfera publikoetan. Literatura idazten gabiltza, telebistan, zutabeak idazten ditugu, sormen lanak… Ikusgarritasun horrek ere distortsiona dezake plazarekiko ikuspegia”. Gainera, Amurizaren ustez, Maialenek txapela irabazi badu, besteek ere irabazi dezaketela pentsatzen da eta horrek “berdintasun sentsazioa sortzen du, erreala ez bada ere”, gizonekin alderatuta gutxi direlako.

Eta emakumeen presentzia ez da erraz hobetuko. Bertsozaleen laurdena diskriminazio positiboaren kontra dago, emakume bertsolariak onak badira gora ailegatuko direlakoan. Gainera, emakumeen kaskarkeria ez da onartzen, azterketaren arabera.

Kontuan hartu beharreko beste datu bat: “Bertsozaleen hamar bertsolari kuttunenak zein diren galdetzerakoan, gizonek Amets Arzallus aukeratzen dute lehen postuan. Bigarrenean, Maialen Lujanbio. Ondoren ez dago beste emakume bertsolaririk. Emakumeei galdetuz gero, Lujanbio da gustukoena, eta hamarreko zerrendan Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal ere ageri dira”.

Lujanbio, emakumeen ordezkaria

Lujanbiok argi dauka emakumeen ordezkaria dela, emakumeak berarekin identifikatzen direla. Ziur zekien hori “orain estatistikan erretratatuta” ikusi du. Gizonezkoak, aldiz, ez direla emakume batekin identifikatzen azpimarratu du. “Desoreka sortzen da: emakumeak gai gara gizon nahiz emakume sortzaileekin identifikatzeko, eta gizonak bakarrik gizon sortzaileekin, oro har”. Hori ez da bertsogintzako kontu bat soilik. Esparru guztietako joera da.

«Nik uste gizonak ez direla gurekin identifikatzen gure diskurtsoarekin interpelatzen ditugulako» (Miren Amuriza)

Amurizak hausnarketa interesgarri bat egiten du horren harira: “Nik uste gizonak ez direla gurekin identifikatzen gure diskurtsoarekin interpelatzen ditugulako. Ze bertsotan erretratatzen ditugun gizonak ez dira askotan euren gustukoak izango. Parean jartzen diegu ispilua eta ez da erosoa eurentzat, ez da gustagarria. Eta, gainera, etengabe gabiltza atzamarra zaurian sartzen”.

Bestalde, ikerketa berak ere badio publikoko emakumezkoek, oro har, gero eta gehiago konektatzen dutela emakume bertsolariekin. Gizonezkoek ez, ordea, eta hori konpontzeko “gizon bertsozaleekin ekimen eraldatzaileak egitea” proposatzen da. Amurizak bertso eskoletan dagoela gakoa uste du eta esparru horretan “gutxieneko batzuk finkatu beharko liratekeela”, dio ezer gehiago zehaztu gabe.

Gazteen eta feminismoaren artikulazioa

Lujanbiok, ordea, aldaketa “banan-banakotik, talde txikietatik eta elkartetik etorriko” dela aurreikusten du. Dena den, “ekintza eraldatzailea gertatzen ari dela” iritzi dio. “Izugarri aldatu da plaza, bere erresistentzia guztiekin. Gogoeta eta autokritika egiten ari gara, elkar kutsatzen, kritikatzen, probatzen… Gure zortea da etengabe elkarrekin gaudela eta horrek egitea dakar. Ez akaso nahi bezain azkar”.

Hala eta guztiz ere, transformazioa ezinbestean etorriko da. Ikerketak zehaztu duenez, “gazteen eta feminismoaren artikulazioa lotu behar da; alegia, bi ardatz horien integrazioa beharrezkoa izango da bertsolaritzak aurrera egin dezan”.