Emakume bat deklaratzera deitu dute Iruñean M8ko ekintza batengatik

Nafarroako mugimendu feministak M8 Parlamentuan kateatzeagatik bere kide bati autoritatearen aurkako atentatua leporatu diotela eta deklaratzera joan beharko duela, salatu du. Beste hiru emakumek hartu zuten parte ekintzan eta amaitu zenean protestariei oldartu zitzaien Foruzaingoa, bi pertsona zauritu zituzten eta orain epaituko duten emakumea atxilotu zuten.

Nafarroako mugimendu feminista batuta azaldu zen pasa den ostiralean emakumeari babesa erakusteko eta “errepresio polizial eta politikoa” salatzeko. Hil honen 30ean elkarretaratzea egingo dute, Nafarroako Justizia Auzitegiaren aurrean.

Argitaratu zuten komunikatua ehun bat elkartek sinatu dute. Bertan euren “indar eta elkartasun guztia” helarazi nahi diote “Nafarroako injustizia auzitegitik igaro beharko duen lagunari”. Eta injustizia diote, “feministok badakigulako beraien justiziak zigortu eta biktimizatu egiten gaituela”.

Nafarroako talde feministak, mugimendu sozialaren babesarekin, gertatutakoa “erakunde politiko feministaren aurkako beste eraso bat” dela salatu du, errepresio polizial eta politikoaren bidez.

Idazkian diotenez, “polizia-prozesuarekin jarraitzea deseroso den eta fagotizatu ezin duten mugimendua kriminalizatzeko eta erasotzeko ahalegina da. Feminismoa ez da konformatzen uzten dituzten apurrekin eta bizitza erdian jartzeko dena aldatzera dator”.

Ez dituztela “akusazio horiek onartu”, eta ez dutela “inolako errepresio-ekintzarik gure militantziaren eta ekintza politikoaren gainean” onartuko ere ohartarazi dute.

Mozal Legea

M8an feministak irten ziren kalera sistema matxista, arrazista, heteropatriarkala eta kapazitista honetaz kokoteraino daudela oihu egitera.

Kaleak okupatu zituzten berriro esateko “osasun krisiak sistemaren trapu zikinak agerian” utzi dituela: “Ez dugu bizitza kolektiboari eutsiko dion komunitate irmorik, eta bitartean baliabide publikoak kapitalaren metaketaren zerbitzura daude”.

Doako zainketa integraleko sistema publiko bat eskatu zuten, pertsona guztiei zainduak izateko eskubidea bermatuko diena, uste baitute “zainketek, bizitzaren jasangarritasunak eta funtsezko lanek ez dutela negozioa izan behar”.

Martxoaren 8an ekintza feminista bat egin zuten Nafarroako Parlamentuaren kanpoaldean. Ekintza horretan, 4 emakume kateatu ziren, eta zigortzea proposatu zen, Mozal Legean oinarrituta. Lege horrek eskubide sozial eta politikoak murrizten ditu, eta protesta kriminalizatzen du. Beraz, indargabetzea eskatzen dute.

Ekintza horren helburua Parlamentuari eta Nafarroako Gobernuari “bizitza erdigunean jartzeko benetako konpromiso politikoa” suposatzen zuten proposamenak eta premiazko neurriak helaraztea zen.

Ekintzaren eta agiriaren irakurketaren ostean, poliziak “neurriz kanpoko” ekintza bat egin zuen. Han bildutako feministen aurka jo zuen. Bi kidek arreta medikoa behar izan zuten eta ospitalera eraman zituzten. Beste bat atxilotu zuten, autoritatearen aurkako atentatua egotzita. Hala ere, “hainbat hedabidetan argitaratutako grabazioetan ez da delitu hori ikusten”, argitu dute.