Emakume baserritarren ezagutza, kinka larrian

Landa eremuko emakumea imajinatzen dugunean baserritarren irudia etortzen zaigu burura. Baina iruditeria kolektiboan dagoena ez dator bat errealitatearekin. Egun nekazari‐jarduerari etekin ekonomikoa ateratzen dioten emakume gutxi daude (%12 EAEn, datu ofizialen arabera).

Pasa den mendeko industrializazioaren ondorioz, baserrietako gizon asko fabriketara lan egiten joan ziren. Baserrietan geratu zirenetatik askok ekoizpenak moldatu zituzten aurrera jarraitzeko eta esplotazioen titularrak ziren, baina emakumeak izan ziren hazien eta ohituren gordailu, eskala txikiko eredu dibertsoen zaindari. Baserriak apurka-apurka hustu egin ziren eta jakintza horren transmisioa gelditu egin zen. Belaunaldi-haustura 80ko hamarkadatik aurrera jaiotakoen artean ailegatu zen.

Elorrioko eta Abadiñoko Berdintasun sailek eskatuta, Durangaldeko landa eremuko emakume baserritarren inguruko ikerketa baten arabera, transmisio hori gelditzea emakume baserritarrek eurek erabaki zutelako gertatu zen, “ondorengoei bestelako etorkizuna opa baitzien”. Baina orain baserriaren inguruko ezagutza gal ez dadin nahi dute landa eremuan bizi diren emakumeak. Horretarako informazioa elkartrukatzeko auzo-dinamikak piztea beharrezkoa ikusten dute.

Hirigintzaren gabeziak eta gazteen falta

Ikerketa emakumeen beharrizanak eta eskakizunak jakiteko egin zen. Leire Milikua autoreak landa eremuko elkarteko kide batzuk eta 45 emakumerekin hitz egin zuen horretarako. Bertan agertutako kezken artean, ezagutzaren eskualdatze faltaz gain, auzokoen arteko harreman eskasia, garraio zerbitzuaren urritasuna eta hirigintzaren planifikazioan emakumeen premiak kontuan ez hartzea (adibidez, espaloiak falta baserriak komunikatzeko) daude.

Gazteen falta da emakumeek ikusi duten beste arazo bat. Izan ere, baserrietan adinduen pisu espezifikoa handia da. Puntu honetan, ikerlariaren aipamen interesgarria dago: “Landa‐eremuko emakumeek, mundu patriarkalean emakume izateagatik, bere gain hartzen dituzte zaintzen (eta etxeko lanen) arduretako asko, baina zer gertatzen da klasearen dimentsioa txertatzen baldin bada? Eta etnia edo arrazarena? Diru sarrera gehien dituztenek zaintza lanak besterenganatu ditzakete, eta kasu gehienetan kontratatzen den langilea baliabide gutxiagoko beste emakume bat izaten da. Zaintzen kate feminizatuan egiten da aurrera. Etxeko lanak eta zaintza lanak egiten dituzten langileen artean ere, badago talde bereziki delikatu bat: lan egiten duten etxeetan bertan bizi diren emakume etorkinena”.

Proposamenak auzoak hobetzeko

Halaber, landa eremuko emakumeek beste fenomeno bat azpimarratu dute: auzoetara kanpotik etorritako eta kanpoan lan egiten duten biztanle asko daude auzoetan. Horrelako bizilagunek harreman gutxi izaten dute orokorrean baserrian beti bizi izan direnekin.

Arazoei aurre egiteko ikerketan parte hartu dutenek proposamen batzuk luzatu dizkiete erakunde publikoei:

  • Auzoetako sareak sortzea eta aktibatzea, eta elkarguneak ahalbidetzea (honekin batera, betiko biztanleak eta etorri berriak elkartzeko ekimen espezifikoak sustatzea).
  • Errepide sarea birplanteatzea auzoetatik (herrigunera) oinez edo bizikletaz mugitu ahal izateko
  • Gazteak auzoetara erakartzeko egun baimentzen diren eraikinetan etxebizitza kopurua gehitzeko aukera aztertzea (baserrietan bi etxebizitza baino egiteko aukera legalik ez dago)
  • Garraioa hobetzea eta merkatzea
  • Formakuntzaren arloan osasunaren autokudeaketarako ikastaroak egitea, besteak beste.