ELAk berriz ekingo dio Gipuzkoako zahar etxeetako grebari “lan-baldintzak hobetzen ez badira”

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako egoerak okerrera egiten du etengabe, eta errealitate hori irauli ezean, udazkenean ELAk grebari ekingo dio berriz, langileen lan-baldintzak eta zaintza duina aldarrikatzeko, sindikatuak iragarri duenez. Langileek greba atzeratzea erabaki zuten martxoaren 13an, 243 greba egunen ostean. “Erabaki arduratsua bezain zaila izan zen, profesionaltasun osoz hartutakoa, eta guztiz beharrezkoa pandemia betean”, azpimarratu du ELAk.

Komunikatu batean azaldu duenez, sektorizazioak eta zentroen barne-antolamenduaren aldaketek asko murriztu dituzte langileen lan-baldintzak. “Izan ere, lan-kargak asko handitu dira, eta enpresek ez dute errefortzurik eman”.

Bereziki azpimarratu dute langileek azken hilabeteetan jasan behar izan duten “karga psikologiko ikaragarria”, eta, horren aurrean, enpresen eta Aldundiaren erreparazio kolektiboen falta sumatzen dute. Horren aurrean, arrisku psikosozialei buruzko lan-prozesu bat jarri berri dute martxan.

Zigorrak pandemian

Pandemian langile batzuk zuzenean zigortuak izan direla gaineratu dute. Izan ere, DomusVi enpresa multinazionalak, sektoreko beste multinazional batzuekin batera, langile batzuei ‘COVID-19 aparteko bonus-sariak’ ematea erabaki du.

DomusVIren kasuan, langileei zuzendutako idazkian adierazten da konpainiako presidenteak aparteko bonus bat ordainduko duela COVID-19gatik, langileei egoera zail horietan egindako lana aitortzeko. Ondoren, ordea, adierazten da bonus hori soilik ordainduko zaiela 2020ko martxoaren 1etik maiatzaren 31ra lanaldi arruntaren %80 egin duten langileei. Gaixorik izandakoei, beraz, ez zaie ordainduko.

“Hau al da Aldundiak aldarrikatzen duen eredu ideal hori?”, galdetu dute. Bestalde, kutsatze kasu berrien aurrean “azkar eta egoki” ez jokatzea leporatu diete enpresei.

Egoera larria denez eta Aldundiak eta patronalek hitzarmena adosteko borondaterik ez dutenez, aurrerapausorik ez badago, grebari helduko diote berriro udazkenean, langileen lan-baldintzak hobetzeko, adinekoen zaintza duintzeko eta egoitzen ereduan aldaketak eragiteko.