«Egokitasunetik ateratzen diren gorputzak dira aldarrikapenerako dispositiboak»

Feminismoaren subjetktu politikoa nor izan behar den eztabaidan Medeak kolektibo transfeministak oso argi du erantzuna: “Eredutik ateratzen diren gorputzak, dira nahitanahiez”. Medeak-ek gorputza eta sexualitatearen inguruko mahaian hartu zuen parte Durangoko Jardunaldi feministetan.

Talde horrek duela 10 urteko jardunaldietan sexu eta generoaren eraikuntzan tentsioak plazaratu zituen. “Txikitatik errepikatu ditugun ereduak gure gorputzetan esanahiak inskribatzen dituzte”, esan zuen Nagore Iturriozek. Begirada disziplinarioa da hori baina “borroka gunea” ere izan daiteke, bere ustez.

Borroka horretarako Medeak-en historiari lotutako hiru elementuz baliatzea proposatu zuen Iturriozek: transgresioa, ludikotasuna eta esperpentoa.

Esperpentoak

Esperpentoak gorputz ez normatiboak (ez eredugarriak) eta disziplina (bazterkeria-errepresioa) erreala edo sinbolikoa jasotzen dutenak dira. Hori mugimendu feministan ere islatzen da. Aniztasun falta da seinalea: “Zuen ingurura begiratzera gonbidatzen zaituztegu ea zer aniztasun psikologiko, sexual, arrazial, funtzional, antiespezista… dagoen identifikatzeko. Eta dauden hutsuneen ardura geureganatu dezagun eta pentsa dezagun zer harreman duen horrek gure begiradarekin”.

Ildo horri jarraituta, Kattalin Minerrek azken urteotan pluraltasunari bide emateko errealitate desberdinak izendatzeko egin den esfortzua aitortu zuen: “Bollerak, txiroak, arrazalizatuak, transak, langileak, putak aniztasun funtzionala dutenak… komunikatuetako azken lerroetan agertzen ziren garai batean”.

Emakume*

Gero emakume* asmatu zen horiek guztiak irudikatzeko.  Baina “non jarri dugu izartxoa?” galdera erretorikoa bota zuen. “Ez da jarri putaren gainean beltzaren gainean… emakumearen gainean jarri zen, eta azken urteetan trans eta bolleraren gainean” ere ipini da. Hemendik aurrera, bere iritzian, mugimendu feministak salto egin behar du izendatzetik eta asteriskoak jartzetik askotariko pertsonak jasotzera, zentzugabekeria iruditzen zaiolako bera bezalako “feminista zurik, bollerak eta europarrak” beste guztien izenean hitz egitea.

“Erlijioak zuzentasuna eta gozamena kontrako norantzan doazela eta kapitalismoak gozamena ez dela produktiboa esan digute”

Ludikotasuna: Sexuaren arloan, ludikotasunaren praktika erlijio katolikoak eta kapitalismoak baldintzatu dute. Iturriozen esanetan, lehenengoak  “zuzentasuna eta gozamena kontrako norantzan doazela”, eta bigarrenak “gozamena ez dela produktiboa” esan digute. Bestalde, gure sexu harremaneko hizkuntza “pornografia patriarkalak diseinatu zuen eta inskribatu zuen gure gorputzetan”. Horrekin guztiarekin apurtzeko, “hizkuntza horretan gure diskurtsoa sartzea”, proposatu zuen, bestela “ahotsik gabe geldituko gara gure sexualitatearekiko”. Egin zuen proposamen zehatza aniztasun funtzionala duten gorputzak, gorputz lesbianoak, transak eta abar errepresentazio horietan sartzea da.

Transgresioa: egokitasunetik ateratzen diren gorputzak “garesti ordaintzen dute, ixileko etengabeko bortizkeria pairatzen dutelako, baina aldi berean askatasuneko eredua eraikitzen dute”, ez soilik beraientzat baizik eta guztiontzat. Iturriozek “aldarrikapenerako hankadun dispositiboak”, direla esan zuen.

“Izaeraren aniztasunak ez daukala zerikusirik neoliberalismoak kutsatuta nortasunak sortzeko”

Medeak-ek pentsatzen dute, “nahitanahiez, mutazioen bidez tentsioak plazaratzen dituzten edo eredutik kanpo ateratzen diren gorputzak” feminismoaren subjektu politikoak direla.

Iturriozek argi utzi nahi izan zuen eurek aldarrikatzen duten izaeraren aniztasunak ez daukala inongo zerikusirik “neoliberalismoak kutsatuta nortasunak sortzeko eta kontsumitzeko behar batekin” . Halako kritikak jaso ditu queer teoriak beste sektore feminista batzuetatik eta Medeak-ek teoria hori izan du oinarri.