Durangoko Autodefentsa Feminista Asanbladak biolentzien kontrako protokoloa jarri du martxan

DAFAren komunikatua:

DAFA Durangoko Autodefentsa Feminista Asanblada da. Izenak dioen lez, asanblada baten bueltan lan egiten dugu eta erabakiak bertan biltzen garenon artean hartzen ditugu. Hamabostean behin batzen gara Pinondon. Asteazken batean bai, hurrengoan ez… Beti arratsaldeko 19.00etan. Ateak zabal-zabalik dituzue emakume* guztiok.

Duela urtebete t’erdi sortu ginen hetero-patriarkatuak sortzen dituen askotariko biolentziei aurre egiteko konbentzimenduaz. Prebentzioa eta erantzuna, biak lantzen ditugu. Oraingo honetan, erantzuteko protokoloaren berri eman nahi dizuegu! Horretarako prestatu dugu bideo bat. Bertan ikusi daitekeen bezala, eraso baten berri izan eta 24 ordutara, hau da, hurrengo egunean, Pinondon agertzen gara arratsaldeko 19.00tan egoera aztertzeko eta zer egin pentsatzeko. Asanbladan maiztasunez parte hartu ez arren, deialdi hauetara etortzeko gonbitea luzatu nahi dizuegu emakume* guztiei.

Zuen elkarte edo taldeko kideen artean zabaltzea nahiko genuke. Mila mila esker!