Donostiako feminista bati eraso egin dio abortuaren kontrako ‘ultra’ batek

Abortuaren kontrako gizon batek Donostiako emakume feminista bati eraso egin izana salatu du Amarako Feministak taldeak. Askabide klinika parean beraien aurrean lelo feministak erakusteagatik egin dio eraso, lesio fisiko “arin-ertainak” eraginez.

Amarako bizilagun Mari Paz Casanova da erasoa jasan duen emakumea. Berarekin hitz egin ahal izan du ‘Irutxuloko Hitzak’, eta kontatu duenez abortuaren kontra errezatzen egoten diren “ultrakatolikoen” aurrean kartelak jartzera joan zen “eskubide indibidualak babesteko”.

“Abortistak, denak hilko zaituztet!”

Normalean hiruzpalau lagun joaten diren arren, joan den ostegunean bera bakarrik joan zen: “Bizikletan pasatzen ari zen emakume batek laguntza eskaini zidan eta bien artean jarri genituen kartelak. Emakumea joan zenean bakarrik geratu nintzen, eta argazkiak ateratzen arin nintzenean nire atzean zarata bat entzun nuen”.

Orduan ikusi zuen bere erasotzailea gerturatzen, garrasi bizian eta “ero moduan”: “Zer ari zarete”, “abortistak”, denak hilko zaituztet” eta gisakoak oihukatuz eta jarritako kartelak puskatuz. Casanova kartelak babesten saiatu zen, eta gizonak besoetatik gogor heldu eta aurpegian jo zuen. Casanovak tendinitisa duela azaldu du, eta gauetan min handia duela, “medikuak antiinflamatorioak eta lasaigarriak eman dizkit”.

Erasoaren ondotik gizonak alde egin zuen, eta hainbat bizilagunen laguntzari esker, Antso Jakituna hiribidearen sarreran topatu zuten 50 bat urteko gizona, eta Ertzaintzak identifikatu egin zuen. Casanovak salaketa jarri zuen eta epaiketa egitea espero du orain.

“Urrunegi joan dira”

Hilabete hasieran abortuaren kontrako hainbat pertsonak protesta egiten hasi ziren, berriz ere,  Easo kaleko Askabide klinikaren aurrean. “Antiabortistek 20 urtetik gora daramate bai klinika, bai bertaratzen diren emakumeak jazartzen” Amarako talde feministak dionez, eta hori “onartezina” dela uste dute, “legearen aurka” doala gaineratuz.

Berri hau Hirutxulo Hitzan argitaratu da