Diagnostiko eta tratamendu psikiatrikoetan sexismoa berresten du ikerketa batek

Emakumeei antidepresibo gehiago ezartzeko joera dago, eta gizonezkoentzat baino probabilitate txikiagoa dago haientzat proba diagnostiko bat eskatzeko. Hala dio ‘Psikiatriako eta Osasun Mentaleko Larrialdietako asistentziaren azterketa genero-ikuspegitik: 2017-2019 hirurtekoa’ ikerketak.

Emakunderen laguntzarekin egin da eta Margarita Sáenz Herrero Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Medikuntzan doktoreak eta María Recio Barbero Neuropsikologian espezialista eta Biocruces Osasun Ikerketa Institutuko ikertzaileak zuzendu dute lana.

Ikerlanak ondorioztatu du aldeak daudela gizonen eta emakumeen eskaera klinikoen eta jasotako arreta medikoaren artean: substantziak erabiltzeagatik eragindako nahasmendu kasuetan profila nabarmen maskulinoa da; buruko nahaste arruntetan eta nortasun-nahasmenduetan, berriz, pazienteak gehienbat femeninoak dira.

Emakumeei antsiolitiko gehiago agintzen zaie

Arreta psikiatrikoko eta osasun mentaleko eskaera guztien erdiak buruko nahasmendu arrunten ondorio dira, eta feminizatuena da nahasmendu mota hau. Emakumeak lagin osoaren % 65 dira. Talde horretan, emakumeek gizonek baino probabilitate txikiagoa dute eurentzat proba diagnostiko osagarriak eskatzeko, eta, aldi berean, gizonei baino antsiolitiko gehiago agintzen zaie.

Substantziak erabiltzeagatiko nahasmenduak, bestalde, gutxiago diagnostikatuta daude emakumeen artean. Horrek indarkeriarako eta sexu-erasoetarako arrisku handiagoko egoeretan jartzen ditu, besteak beste.

Komunitate terapeutikoen desabantailak

Adikzio-unitateek gizonezko erabiltzaile gehiago dituzte eta gauza bera gertatzen da errehabilitazio-komunitateetan. Komunitate terapeutiko batean bizitzeko baldintzetako bat ohiko ingurunetik isolatzea da, eta hori zaila izaten da emakumeen kasuan, batez ere ardurapeko adingabeak badituzte edo familiako beste kide batzuk zaintzeaz arduratzen badira.

Deigarria da paziente talde horretan emakumeei depresioaren aurkako %80 farmako gehiago agintzen zaizkiela, eta ondorioztatu daiteke depresioa duten pazienteak bezala artatuak direla, eta kasu askotan mendekotasun arazoa izaten dute.

Nortasun-nahasmenduaren diagnostikoaren kasuan, maizago diagnostikatzen zaie emakumeei, eta antidepresiboak gehiago errezetatzeko joera ere badago; horrek baieztatzen du diagnostiko-talde berean sexuaren arabera desberdin ebaluatzen eta jokatzen dela.

Azterlanaren arabera, beharrezkoa da esparru klinikoan hausnarketarako guneak sortzea, eskaria birbideratzen eta adierazten laguntzeko eta horretarako benetako eredu biopsikosoziala praktika klinikoan txertatzea eta genero-ikuspegia duen osasuna sustatzeko estrategiak sustatzea gomendatzen dute.

Faktore sozioekomikoen garrantzia

Emakunderen zuzendaria Izaskun Landaidak nabarmendu zuenez, osasun-arloan, faktore biologikoez gain, kontuan hartu behar dira emakumeen osasunari eragiten dioten faktore sozioekonomikoak, “hala nola, pertsonak zaintzeko lan banaketa desberdina, titularra emakumea duten guraso bakarreko familia-nukleo gehiago daudela, errenta-maila baxuagoak dituztela emakumeek, langabezia handiagoa, gizarte-bazterketako maila handiagoak. Desberdintasun horiek eragin zuzena dute emakumeen osasunean eta modu desberdinean eragiten dute gizon eta emakumeen osasunean eta gaixotasunean”.

Horrela, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) generoa pertsonen osasun mentalaren aldagai kritiko erabakigarri gisa identifikatu du. Adibide gisa, OMEk zehaztu zuen 2020an depresioa izan dela munduan desgaitasunaren kausa ohikoena, eta horrek eragin handiagoa izan duela emakumeengan.