Ama izateko modu desberdinak

“Ama on batengandik espero ezin daitezkeen gauzak kontatzen dituzte narrazio hauek”. Esaldi horrek laburbiltzen du ‘Amez’ (Alberdania), Goiatz Labandibarren ipuin liburuaren asmoa.

Idazleak berak azaldu du non kokatzen den errelatoen abiapuntua: “Ohituta gaude denok amei buruz, amatasunari buruz, kontzeptu mota jakin baten arabera pentsatzen. Saiatu nahi izan dut amatasunari buruzko kontzeptu sozialagoak eta baita politikoagoak ere jokoan jartzen kontakizun hauetan”.

Horregatik ‘ama onaren’ estereotipoa desafiatzen du. “Ez gaude prest ama izateko beste modu batzuk aintzat hartzeko, edo kosta egiten zaigu, behintzat, eredu ezberdin horiek badirenik ere onartzea. Ipuin hauek idazterakoan, gizarteak ia aho batez onartzen duen ama onaren kontzepzio monolitiko horretatik urrundu nahi izan dut, hain zuzen ere, azken finean aldarrikapen argi bat egiteko: amatasunari heltzeko, ama izateko, beste modu ezohiko bat aukeratzen dutenak ez dira, inola ere, ama okerragoak, eredu ezberdin bat aukeratu eta gauzatzeagatik bederen”.

25 narrazio

‘Amez’ liburuak 25 narrazio biltzen ditu eta oiartzuarraren bosgarren ipuin bilduma da. Kontakizunon gai nagusia amak izan arren ez da bakarra. Emakumeen bizimodua ardatz hartuta, ama izateko nahiz ez izateko erabakiaren uneari begiratzen dio, arreta bereziz idazleak, eta, arketipoetatik ihesi, ‘haragizko’ emakumeak deitzen ditu kontakizunetara, kontraesan eta guzti, argi-itzalak barne.

Teknikari dagokionez, erregistro eta giro ugari erabili ditu Labandibarrek literatura ariketa honetan. Jorge Gimenez Bech editoreak adierazi duenez, “ironia darie, neurri batean edo bestean, liburuko hainbat kontakizuni. Goiatzek sarkasmoa saihesten du, bai, baina jokaerak eta jarrerak leundu edo gozotu gabe. Beste zenbaitetan, ordea, historian aztarnarik utzi duten emakumeak datoz kontakizunetara, edo kronika kutsua hartzen du narrazioak… Estilo-lanabes ugari eta trebetasunez erabili ditu, irakurlearen jakin-mina bizirik mantentzeko”.

 

(Aipamen hau kultursharea.com-en informazioarekin egin da)