Bizitzak erdiguneratzeko aldarriak hartu du Durango

3000 emakumetik gora elkartu dira gaur Durangon. Ez zen horrelako kopururik biltzen 1977an lehengo aldiz Euskal Herriko Jardunaldi Feministak burutu zirenetik.

Bizitzak erdiguneratzeko proposamen politikoak izan dira goizeko protagonistak. Etxaldeko emakumeak, Itaia, EH Bilgune Feminista, Oneka eta Trabajadoras no domésticadas kolektiboetako emakumeek hartu dute hitza.
Bakoitzak bere ildotik egin du ekarpena, hala, Etxaldek elikadura burujabetzan jarri du puntua, ahoratzen dugunaren jatorri eta nolakotasunaren garrantziaz ohartaraziz.

“Etekin ekonomikoetatik harago, lurra, abereak eta pertsonak zainduko dituen nekazaritza bat defendatuko dugu” esan du Amets Ladislaok.

Pentsio “faltaren” arazoa izan du hizpide Onekak eta horren arrazoiak ere azaldu ditu Nekane Berriotxoa hizlariak: “Lan erreproduktibo eta zaintzakoen aitortza falta dago eta feminizatutako lanpostu zein etxetik kanpo kontraturik gabe egindako lanen ondorio ere bada”.

Harago joan da Mujeres no domesticadas kolektiboko Josefina Roco. “Guretzako etxeko langileen egoera XXI. mendeko esklabotza da, desagertu behar dena. Ez ahaztu orain Latinoamerikatik datozela baina lehen Extremaduratik, Andaluziatik, etab. zetozen. Hargatik, bizitzak zeintzuk eta zein baldintzatan sustegatzen ari diren aztertu behar dela adierazi du.

Emakumeen burujabetza

Nadia Perezek, Itaia taldeko kideak, emakumeen burujabetza aldarrikatu du, estatu menpekotasunetik kanpo. “Gure botere propioa ez da lortzen emakumeak estatu aparatuetan egon eta erreformak proposatuz. Ez dugu uste sistema justu bat hortik lortu daitekeenik, oraindik esplotazioa oinarri duen sistema den heinean behintzat”,
azaldu du Nadia Pérezek.

Eta azkenik, Naia Torrealdai EH Bilgune Feministako kidea, aldiz, metodo analitikoaren ezinbestekotasunaz mintzatu da eta klase borroka ikuspegi poliedriko batetik berpentsatzu behar dela adierazi du. “Interdependentziatik borroka bateratu bat lortzea da helburua”, gaineratu du.

Argazkiak: Aurora Julià