‘Basoa’, kapitalismo, matxismo eta arrazismotik askatutako egitasmoa

“Basoa hitzak, batez ere, zuhaizti bati egiten dio erreferentzia. Ihes egiten duena basora joaten da, bakoitza bere basora. ‘Basoak’ babesleku izan nahi du: babestu, elkartasuna sentiarazi eta gizartea eraldatzeko proiektu bat gorpuztu nahi du”. Hitzok Arratian (Bizkaian) gauzatzen ari den proiektu ekofeministaren muina ederki adierazten dute eta sortzaileek esandakoak dira.

‘Basoa’, lehenego eta behin, etxe komunitarioa da, atseden hartzeko aterpe solidarioa, bultzatzaileek azaldu dutenez. “Eskubideen defendatzaileak/ekintzaileak, migratzaileak edo autoktonoak, igarobidean daudenak edo iraunkorrak” elkartzeko lekua da.

Ekofeminismoa

Filosofiari dagokionez, ekofeminismoaren aldeko apustua egiten dute. Hau da, bizitza mantentzeko zer den beharrezkoa eta naturarekiko mendekoak garela kontzientzia hartzea dute helburu. Halaber, matxismoari bere forma guztietan aurre egiteko lekua izan dadila nahi dute.

Horretarako lan produktiboa, erreproduktiboa, kulturala, aisialdikoa edo antolaketa-zereginena kolektiboa izango da. Erabakiak horizontalak, deliberazioaren, biltzar-antolaketaren eta hausnarketaren emaitza izango dira. Finantza-autonomia, jabetza kolektiboa, energia-autosufizientzia, kontsumo zirkularra, ekologikoa eta tokian tokikoa ere garatu nahi dute.

Artea Harrera Sareari eta lurrari lotutako ekimena da

“Esperimentazio gunea da, komunitatean bizitzeko eta jarduteko modu bat”, azken finean. “Bizitza xume eta apala bilatuko du, balio materialei garrantzirik emango ez diena, bai ordea maitasuna eta elkarrekiko zaintzari”, adierazi dute.

Gizarte-antolaketako eredu alternatiboak bilatzen dituzten heinean, erakundeen mendekotasunetik bereizi nahi dute proiektuaren eragileek.

‘Crowdfunding’ kanpaina

Egitasmoa aurrera eramateko ‘crowdfunding’ kanpaina jarri dute martxan. Erabateko eraldaketa soziala eta ezarritako botereari desafio zabala konbinatu nahi dituzten pertsona, erakunde, komunitate eta gizarte-mugimendu guztiengana iritsi nahi dute.

Artea Harrera Sareari eta lurrari lotutako ekimena da. Artea Sarearen aktibistek migrante eta errefuxiatuei harrera duina egin nahi diete eta eskaintzen dizkieten etxebizitzetan hainbat jatorritako pertsona bizi dira, bertakoekin elkarlanean eta adiskidetzan.