‘Baginen Bagara’ erakusketa, emakume artistak lehen planoan

Donostiako San Telmo Museoak, berak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bildutako emakume artisten lanak aurkeztu ditu ‘Baginen Bagara’ erakusketan. Azaldu dutenez, helburua da hausnarketa bat sustatzea horietako artista asko zergatik egiten zaizkigun ezezagunak.

Artista batzuk Euskal Herrikoak eta ezagunak dira eta beste asko, nahiz eta meritu eta kalitate handia izan, ezezagunak dira haien garaian emakumeei ez zitzaielako erraz egiten eremu publikoan jardutea. Kanpokoak ere badaude. Martxoaren 13ra arte egongo da ikusgai.

Hauxe da museoak eskaini duen informazioa:

Baginen

Pintoreak, ehungileak, zeramikagileak, eskultoreak, ilustratzaileak, jostunak… Beti izan dira sorkuntzan lan egin duten emakumeak. Baina gutxi izan dira Artearen Historiak aitortu dituenak. XVIII. mendetik, diziplina sortu zenetik, gabezi honen arrazoiak emakumeen ezaugarriei atxiki nahi izan zaizkie, biologiarekin lotuz: sortzeko ahalmena umeak izatean joaten zitzaiela argudiatuta, edo natura emozionalekoak izanda, arrazoiaren bikaintasunera iristeko ezintasuna zutela baieztatuz.

Azken urteotan, ordea, emakume askok egindako lanak ezagutzera eman dira, eta “emakumeen arazotzat” hartzen zena, “Artearen Historiaren arazoa” dela argi geratu da. Beraz, zeintzuk izan dira emakumeak baztertzera eraman dituzten Artearen Historiaren logikak?

Logika horien barnean museoek eta bilduma publikoek paper esanguratsua betetzen dute. Haiek dira artista batzuen ikusgarritasuna bermatu eta ikerketa bultzatu dezaketenak; aldi berean, haiek dira diskurtso kanonikoak berresteko edo zalantzan jartzeko ahalmena dutenak ere. Mendeetan diskurtso patriarkalaren parte izan ostean, museo asko ari dira egun sistema horretan bete duten rolaren inguruan gogoeta egiten.

Bagara

Berrikuspen honen barnean kokatzen da erakusketa hau. San Telmo Museoa eta Gipuzkoako Aldundiaren bildumetatik abiatuta, emakumeek egindako lanak jaso, erakutsi, eta horietako asko zergatik diren ezezagunak hausnarketa bultzatu nahi dugu. Horretarako, proiektuan zehar hainbat aspektu eta esparru arakatu eta aurkezten ditugu: bildumaren eraketaren nolakotasunak, arte sistemaren legitimazio arauak eta moduak, hezkuntza eta profesionaltasunaren arteko talkak, arte sistema eta historiografiatik euren lana baztertzeko erabilitako tresnak eta sor daitezkeen genealogia berriak. Ez omen ginen artearen historian, baina bagara; ez omen ginen museoetan, eta bagara.