Andra ongileak

Euskal Herrian hainbat ongile izan ditugu, bai gizonak, bai andrak. Luze joko luke zerrendak, halere, badago zirrara berezia eragin didan andra bat. Euskara gora eta euskara behera gabiltzan sasoi honetan, hara non, jakin dudan honako hau:

“1885ean testamentuan diru-kopuru handia utzi zuen euskaraz hitz egiten zekiten bilbotar dontzeila pobreen ikasketak sustatzeko”

Andra ongile hori Anselma de Salces y Salas bilbotarra izan zen. Ez dakit berak euskaraz hitz egiten zekien. Saiatu naizen arren, ez dut datu hori aurkitzerik lortu. Halere, euskaraz zekiten neska pobreen ardura hartu zuen behintzat. Argi dago Bilbon euskaraz zekitenak ere bazeudela.

Anselma, Bilbon jaio zen 1815eko apirilaren 21ean. Eusebio Maria de Salces bermiotarraren eta Esperanza de Salas bilbotarraren alaba izan zen, Bilboko Alde Zaharreko San Nikolas basilikan bataiatu zuten jaio hurrengoko biharamonean, Anselma Luisa Theresa izen hirukoitza jarri zioten.

Ongile gisa, besteak beste, Bolsas de Estudios erakundea sortu zuen, Arte Ederretarako bokazioa zuten hiru bilbotar gazteri urtero pentsioa emateko.

Rafael Miniorekin ezkondu zen eta Murtziara joan ziren bizitzera familiarekin; handik ere bilbotarrei zein bizkaitarrei laguntzen jarraitu zuen Anselmak. Esate baterako, 1883ko Markinako Euskal Jaietarako sariak eskaini zituen; 200 erreal palankaririk onenarentzat, Aulestiko Ignacio Onandiak lortu zuena, eta urrezko larrosa bat euskal prosarik onenaren egilearentzat, Felipe Arrese idazleak eskuratu zuena, Jaungoikoaren probidentzia lanarekin.

Bilboko Uribarri auzoan, Udaletxe ostean, kale batek haren izena darama.

Ai Anselma, Anselma kantua etorri zait burura. Ai Anselma, Anselma emakume ongile.