Amorebieta-Etxanoko Mugimendu Feministak jaurtiko du Karmenak eta Santanatxu jaiei hasiera emango dien txupinazoa

Amorebieta-Etxanoko Udalak Karmenak eta Santanatxu jaietarako antolatutako programa anitza aurkeztu du gaur prentsaurrekoan, herriko talde eta eragileekin batera osatua. Bertan izan dira Ainhoa Salterain alkatea, Amaia Fernández Azkunaga Mugimendu Feministako ordezkaria eta Iban Ibarretxe aurtengo Ohorezko Danborraria

Amorebieta-Etxanoko alkate den Ainhoa Salterainek adierazi duenez, Amorebieta-Etxano herriko jaietan murgilduko da uztailaren 15ean, Karmen egunaren bezperan: “Karmenak eta Santanatxu dira gure jai nagusiak. Aurten ere parte hartzaileak eta jendetsuak izatea espero dut, are gehiago kontuan izanda txupinazoa larunbatean izango dela, eta Karmen eguna igandean. Horretarako egitarau zabala aurkeztu nahi dizuegu, adin eta gustu guztietako pertsonei zuzendutako jarduerak batzen dituena, herriko eragile eta talde ezberdinekin elkarlanean antolatua, festarik onenak eskaintzeko helburuarekin. Guztion artean antolatutako programa duzue aurtengoa ere”.

Era berean, eta 2023ko egitarauan murgildu aurretik, Salterainek eskerrak eman nahi izan dizkie Karmenak eta Santantxu jaiak paregabeak izatea ahalbidetzen duten pertsona guztiei: “eskerrak eman nahi dizkiet eta balioan jarri nahi dut Amorebieta-Etxanoko kultur, kirol, ostalaritza, merkatari eta pertsona anonimoek jai-batzordearen bidez eta udal-teknikariekin batera egiten duten lan izugarria. Azpimarratu nahi dut gure jaiak herritar guztiei irekiak direla, gozatzeko, partekatzeko eta ondo pasatzeko antolatuak”.

Mugimendu Feministaren pregoia

Karmen egunaren bezperan, uztailaren 15eko arratsaldeko 20:00etan, Amorebieta-Etxanoko Mugimendu Feminista osatzen duten lau taldeek emango dute pregoia eta txupinazoa botako dute: Zornotzako Talde Feminista, M8 Plataforma, Suhaziak eta Akelarre aniztasun taldea. Salterainek adierazi du hori izaten dela jaietako une nagusietako bat: “Herriko plaza zornotzarrez beteta dagoela, Mugimendu Feministak pregoia irakurriko du eta txupinazoa botako du, jaia leherraraziz”.

Horrela, Salterainek era laburrean deskribatu du lau talde horiek Amorebieta-Etxanon egiten duten lana: “Zornotzako talde feministak, besteak beste, hainbat urtez antolatu ditu azaroaren 25eko eta martxoaren 8ko ekimenak, eta udalerrian salaketa eta autodefentsa feministan oinarritutako estrategiak eta ekimenak bultzatu ditu. Gainera, jaietarako, erasoen aurkako protokolo bat prestatu zuen tabernekin eta beste agente batzuekin, eta harremana estutu zuen emakumeen* hainbat elkarterekin. Bestalde, M8 plataformak aldarrikapen zehatz eta argia du: Amorebieta-Etxanon Emakumeen* Etxea sortzea, beste herri askotan bezala, prozesu parte-hartzaile eta erabakitzaile baten bidez.

Era berean, eta Mugimendu Feminista gehiago sustatzeko, Suhaziak sortu zen, Amorebieta-Etxanoko neska gazteen taldea. Azken urteotan, talde hau herriko neska* gazte feministen integraziorako gune bihurtu da, jai-guneetan eta San Joan bezperako Sorginen gauaren antolaketan oso presente dagoena. Gainera, gogor eta ozen salatzen dituzte emakumeen aurkako erasoak. Eta, azkenik, Akelarre aniztasun taldea ere izango dugu, LGTBIQ+ kolektiboaren beharrak eta aldarrikapenak babesten dituena. Azken urteotan gogor jardun dute herrian, eraso homofobo eta transfobikoei aurre eginez. Hemendik eskerrak eman nahi dizkiet elkarte hauei Amorebieta-Etxanon egiten duten lanagatik”.

Kontzertuak eta ekintza kulturalak

Programazioan barneratuta, Ainhoa Salterain alkateak nabarmendu du kontzertuek eta kultur jarduerek garrantzi handia dutela Karmenak eta Santanatxu jaietan: “gure jaiak parte-hartzaileak dira, eta programatutako jarduera guztiak gustu eta adin desberdineko pertsonengan pentsatuta daude. Horregatik, aurten kontzertu edo musika emanaldi ugari izango dira Zubiondo plazako eta Zelaieta parkeko agertokien artean, hala nola: Zetak, ETS, OBK, Chimo Bayo, Rebeca, Fernandisco, Kai Nakai, Formula V, Delirium Tremens, Puro Relajo, Olatz Salvador, Kalakan, La Furia, Trikizo, Rebeca Lane, En esenzia, Shoy Party, Akerbeltz, Benidorm Orquestra, Zirkinik Bez, Xaibor, Mariachi imperial, Zornotzako Musika Banda, Txistularien XXIII. Kontzertua, bertsolariak, batukadak, txarangak, txistulariak, fanfarreak…”.

Salterainek adierazi duenez, antzezlanak eta danborraden desfileak ere ez dira faltako: “uztailaren 24an, Danborrada Nagusiak, 22:00etan, Txiki Otaegi, San Pedro, San Migel, San Juan, Nafarroa, Ibaizabal eta Gudari kaleak zeharkatuko ditu, eta Herriko plazan amaituko du ibilbidea. Aukera honetaz baliatu nahi dut ondoan dudan Iban Ibarretxe zoriontzeko, aurtengo Ohorezko Danborraria. 24an merezitako omenaldia jasoko du danborrada Herriko Plazara iristen den momentuan. 16 urtez danborradaren zuzendaria izan ondoren, 2016ra arte, bidezko aitortza izango du.

Gogoratu behar da, gainera, Iban Ibarretxe Udazken Txistulari taldeko kidea eta Zubiaur Musika Eskolako irakaslea ere badela”. Umeen danborradarekin jarraituz, Amorebieta-Etxanoko kaleetatik ibiliko da bi egun geroago, uztailaren 26an, 18:00etatik aurrera. Gudari kaletik irtengo da, San Pedro, Luis Urrengoetxea, Larrabide, Karmen, Konbenio, Gregorio Mendibil, San Juan eta San Migeletik aurrera egingo du, eta desfilea Zelaietan amaituko da”.

Gainera, eta berrikuntza gisa, aurten Zorhontza abestiaren koreografia bat sortu da, Santanatxu egunean flashmob baten bidez interpretatuko dena: “horrela, dantza ikasi eta grabaketa egunean parte hartu nahi dutenek Amorebieta-Etxanoko Udalaren Youtubeko kanalera igotako bideoa ikusi ahal izango dute, edo festetan eskainiko diren bi dantza tailerretan ikasi ahal izango dute dantza bera”.

Kirol jarduera ezberdinak

Karmenak eta Santanatxu jaien inguruan antolatzen diren kirol jarduerek ere leku propioa dute aurtengo egitarauan. Salterainek azaldu duen bezala, adin eta gustu guztietako ikuskizunak eta txapelketak izango dira: “Herri Kirolekin hasita, Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako jardunaldi bat izango dugu, Hodei Ezpeleta Euskadiko txapeldunaren eta Txikia IV Gipuzkoako txapeldunaren artean. Harri-jasotzaileak ere ez dira faltako: Udane Ostolazak eta Imanol Royok ‘Lartain’ ikuskizuna eskainiko dute. Amorebieta-Etxanoko jaietako lasterketaren XII. edizioa, pilota partida profesionalak, arku-tiroa, futbol 7, pala, piraguen jaitsiera eta Bizikleta Eguna ere jokatuko dira. Gainera, aurten, nobedade gisa eta Lanzero Cassic elkarteak antolatuta, Kart erakustaldia izango da Gure Kirolaken aparkalekuan”.

Koadrilak

Ainhoa Salterain alkateak atal berezia eskaini die lagun talde zornotzarrei: “Amorebieta-Etxanoko kuadrillek berebiziko garrantzia dute Karmenak eta Santanatxu jaietan, ospakizunaren parte aktiboa eta bizia baitira. Egun desberdinetan antolatzen diren lagun, ezagun, bizilagun edo familia taldeak dira, antolatutako jardueretan parte hartzeko eta jai eta bizikidetza giroa sortzen laguntzen dutenak. Hori dela eta, aurten ere hainbat jarduera programatu dira egun ezberdinetan: “kalejirak, bazkari herrikoiak, ohiko marmitako lehiaketa, piraguen jaitsiera, play back, altxorraren bila eta herri kiroletako proba ezberdinak, besteak beste”.

Jai inklusiboagoak

Lehen aipatu ez diren nobedadeei dagokienez, Salterainek nabarmendu du Amorebieta-Etxanoko Udalak beste urrats bat emango duela jai inklusiboak lortzeko bidean, eta barraketan soinurik gabeko orduak izango direla aurten: «gizarte eta erakunde gisa aurrera egiten jarraitu behar dugu, eta ordu horiek beharrezkoak dira ezintasunak dituzten haurrek barrakez gozatu ahal izan dezaten. Gainera, gizartea sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko eta aniztasuna sustatzeko modu bat ere badira. Gune inklusibo horiek jaietan pertsona guztien parte-hartzea bermatzeko beharra eta garrantzia aitortzen dute”.

Era berean, Salterainek gogorarazi du Spotifyren kontua, iazko nobedadea, eskuragarri dagoela jaietan musika jartzeaz arduratzen diren pertsonentzat: “Amorebieta-Etxanoko Udalak Spotify profilean mantentzen ditu abesti ez-sexisten zerrendak, eta jaietan musika jartzeaz arduratzen diren pertsonek erreproduzitu ahal izango dituzte. Profil horretan Beldur Barik abestien zerrenda edo Zor Hontza abestia ere eskuragarri daude”.

Erasorik gabeko jaiak

Azkenik, Ainhoa Salterain alkateak gogorarazi du Udalak etengabe lanean jarraitzen duela indarkeria matxista desagerrarazteko, baita Karmenak eta Santanatxu jaietan ere: “Eraso matxistarik gabeko jaiak izatea nahi dugu, eta hala izan dadin lan egiten dugu. Argi eta garbi diogu denok dugula jai hauetaz gozatzeko eskubidea, askatasunetik, noiz eta nola erabakitzeko, etxera bakarrik beldur gabe itzultzeko eskubidea”. Salterainek azaldu duenez, aurten ere indarkeria matxistarik gabeko gune bat egongo da Zelaieta parkean: “informazioa, harrera eta aholkularitza emateko lekua izango da. Emakumeak eta herritarrak, oro har, indarkeria sexistaren inguruan kontzientziatzeko gunea. Era berean, indarkeria matxistaren bat jasoz gero, laguntza eskatu ahal izango da. 15, 16, 21, 22, 24 eta 27an egongo da zabalik, 20:00etatik 00:00etara .

Gainera, 747 485 126 telefono-zenbakia eskuragarri egongo da 24 orduetan 14, 15, 16, 21, 22, 24 eta 27an: horrela, dei baten bidez, edozein intentsitateko eraso sexistaren biktima diren pertsonek deitu ahal izango dute, eta larrialdietan esku-hartu, informatu eta aholkatu”. Lehen aipatutako zenbakiez gain, Salterainek gogorarazi du Ertzaintzaren telefono orokorrak, Udaltzaingoa eta Emergentziak, eta SATEVIren 900 840 111 zenbakia, Eusko Jaurlaritzaren telefono bidezko arreta, eskuragarri daudela 24 orduetan, urteko egun guztietan: “Eraso matxistarik gabeko bizitza bizi nahi dugu, eta argi utzi nahi dugu Ez beti da Ez”.