Amillena, ‘slow food’en bazterra Anbotopean

Arrazola-Atxondoko Amillena jatetxera hurbiltzen bazara, kanpoko itxurak herrixka frantsez politak ekarriko dizikizu burura. Harri garbia, lehioak urdin argiz margotuta eta loreak fatxadan. Sartzeko eskaileran landareek eta txakur lasai batek egingo dizute harrera. Barruan, argitasuna, baretasuna, pagoaren berotasuna, dekorazio zaindua eta janari goxoa, zaporetsua eta orijinala aurkituko dituzu. Hori gutxi balitz bezala, lasaitasuna areagotzen duten mahaikideen ahots eztiak eta Sara Vaughan-en edo Billie Holyday-ren jazz musikaren marmarrak ere bai. Barra edo sukalde barrura begiratzen baduzu emakumeak baino ez dituzu ikusiko.

‘Amillena’ Durangaldeko euskararen hitza da. Anboto mendiaren gainean egiten den laino berezia da eta, bertakoek diotenez, aldaketa ekartzen du agertzen denean. Nahi horretatik sortu zen Arrazolako bentaren egitasmoa. Sortzaileetako Vanesa Calvok azaltzen duenez “bizitzeko eta elikatzeko era berri bat garatu nahi dugu leku honetan”.

Elikadura burujabetza feminista

Izan ere, egitasmoa elikadura burujabetza feminista ildoaren barruan dago. Filosofia hori proiektu honetara ekarri nahi dute “kontraesanak eta oztopoak” ere onartuta. Horretan ados daude ekimenean parte hartzen duten hiru emakumeak. Beste biak Lur Moragues eta María José Romero dira. Hegoa Institutuko ‘Baserritik Mundura’ programan topo egin zuten eta Atxondoko Udalak benta lehiaketa publikoan atera zuenean Calvok aurkeztutako ideiak lortu zuen puntu gehien. Ondoren, beste bi emakumeekin adostu zuen benta eramateko era.

‘Amillena’ ez da soilik jatetxe bat. Bertan inguruko produktuak ere saltzen dira eta lehengai horiek berberak erabiltzen dituzte janaria prestatzeko. Dena ahalik eta naturalen -ingurugiroa zaintzen duten ekoizpenak-, artisaua izan behar du. Horrek plater eskaintza murriztea dakar.

Sasoiko produktuak eskaintzen dituzte eta egunean-egunean inguruan aurkitzen dutena erosten dute. “’Baserritik Mundura-n ikasi genuena interesgarria izan zen gauza batzuk ezagutzeko eta orain hartzen ditugun erabaki txikietan hori guztia kontuan hartzen dugu; ez dugu edozein arrain jartzen”, azaldu du Moraguesek.

Bizitzak erdigunera eta feminismoa ere bai

Ekofeminismoa aplikatzen saiatzen dira, ‘bizitzak erdigunera’ leloak adierazten duena. Bizi kalitatea sustatu nahi dute. Hori dela eta, adibidez, kokakolarik ez dute saltzen. Bestalde, Calvoren hitzetan, “heteropatriarkatu kapitalistak kendu digun zentzumenen gozamena berreskuratu nahi dugu”. Moraguesek zera gehitu du: “Esplotazioa eta autoesplotazioa sahiestu nahi dugu”. Horregatik dena patxadaz egin nahi dute eta euren janariez gozatzeko aldez aurretik deitu behar da mahaia erreserbatzeko (946 278 907).

Filosofia horri helduta hurbiltzen direnak ‘zaindu’ nahi dituzte baina ez, berriz, zerbitzatu. Harreman horizontalak dute helburu. Hortik aparte, trukea erabiltzen dute: diru faltari aurre egiteko ezagunekin elkarren artean trukatzen dituzte lan batzuk.

‘Amillenaren’ beste xedeetako bat kultura suspertzea da. Asmoen artean, feminismoaren barruan ematen ari diren eztabaidak garatu nahi dute, Romerok dioenez. Momentuz emakume baserritarrekin daude harremanetan baina aurrerantzean emakumeon identitatearen aldaketak ikertu eta gizarteratu nahi dute beste emakumeekin batera.

“Feminismoa da ingurumenarekin harreman berriak ekarriko dizkigun pentsamendu konplexu bakarra”

Tokiko kulturari begira

Tokiko kulturari begira hilabete honetan Atxondoko udalekuak kudeatuko dituzte. Izan ere, Calvok, sukaldaritzan ezagutzaz gain (makrobiotika ere ikasi du) hezitzaile moduan lan egin du urte askotan.

Beste biak ere pentsamendu kulturalean aritutakoak dira. Romerok filosofoa da eta dramaturgoa eta eszenografo lanak egin ditu. Moragues Biologian doktoretza-ikerketa egiten ari da eta beka batzuk ere eduki ditu. Horretaz aparte, zerbitzari lanetan ibili da.

Landa eremuarekin zerikusia duten lanak ere egin dituzte denek ‘Baserritik Mundura’ egitasmoaren barruan. Romerok baso ekologikoei buruzko ikerketan parte hartu du; Moraguesek ‘Lemoizko arrantza bilakaeraren azterketa ehun urtetan’ lanean eta Calvok emakume baserritarren bizitza ikerketa etnografikoan esku hartu dute. Gainera, hirurek Amaia Pérez Orozkoren XXK kolektibak burujabetza feministaren inguruko ildo batzuk ikertu dituzte.

Feminismoa, beraz, euren bizitzen ardatzetako bat da. “Ez dugu ulertzen bide berririk feminista ez bada”, dio Moraguesek eta Romerok gehitu du: “Feminismoa da ingurumenarekin harreman berriak ekarriko dizkigun pentsamendu konplexu bakarra”.