Amatasun feministak aztertzeko jardunaldiak antolatu dituzte Donostian

Emagin Elkarteak (Ez)amatasunak ikuspegi feministatik aztertzeko jardunaldiak antolatu ditu. Euskal Herriaren bilakaera feministan eta haren burujabetza prozesuan ezinbestean landu beharreko gaia dela uste du. Hurrengo ostiral eta larunbatean egingo dira Donostiako Tabakaleran.

Salda badago Jardunaldi Feministetan eztabaidatu zen gaia baina orduan “ez zen aukerarik egon sakonki lantzeko (tailer bakarra egin zen), eta hainbat feminista kexu ziren”, azaldu dute antolatzaileek.

Azkenean, zaila izan arren, jardunaldiei forma ematea lortu dute. “Gai honen bueltan geroz eta diskurtso eta praktika gehiago ikusten genituen Euskal Herrian, baina ez genituen artikulatuak ikusten. Gainera, aurrera eramaten ari ginen zaintzarekin lotutako ikerketa askotan behin eta berriz ateratzen zen gaia, eta ez genuen eztabaida hori oso garatua Emagin Elkartean”.

“Gai konplexua”

Oso gai konplexuaren aurrean gaudela diote. “Ez dago zalantzarik. Errebeldiak, bakardadeak, epaiak, armairuak, kulpak, iruditeriak, zalantzak, esperientziak… Askotarikoak dira amatasunak sortzen dituenak. Izan aukera, esperientzia, erabakia, ezintasuna edota uko egiten diogun zerbait, emakume ugari zeharkatzen gaituen gaia da. Horregatik esaten dugu (ez)amatasunarena esperientzia kolektiboa dela”.

“Are, izaera guztiz politikoa duen talde esperientzia da -gehitu dute- eta horregatik da feminismotik landu beharrekoa. Izan da gure derrigorrezko destino, instituzio patriarkal gisa, eta horregatik eztabaida ekidin ezina izan da emakume askorentzat. Era berean, oso era intimo eta pertsonalean eramaten diren kontuak zeharkatuta dago, eta horrek gure erabakimenarekin zein erraiekin lotzen gaitu. Eta ez dugu ukatuko, min, zauri, ulermen, epai … asko sortzen dituen gaia da”.

Gurasotasun komunitarioa

Hori da jardunaldien helburu orokorra, baina badira beste batzuk. “Batetik, askotariko amatasun ereduak ikusarazi eta esperientziak ezagutu nahi ditugu, ama izateko aukera bakarrari aurre egiteko, eta diskurtso zein praktika esentzialista eta diskriminatzaileei aurre egiteko. Bestetik, amatasunen gainean sustatu diren iruditeriak aztertu nahi ditugu eta beste irudi-konstelazio batzuk sortu, eraldaketarako”.

Gainera, identifikatu nahi dituzte ondoezak, “zein indarkeria motek gurutzatzen dituzten hainbat emakumeren hautuak, nola lotzen diren egitura sozialarekin eta zer egin behar dugun horiek osatzeko. Azkenik, azken urteetan sortu diren teoria, diskurtso eta estrategia feministak ezagutu nahi ditugu, gurasotasun komunitariora salto egiteko, beste senidetasun era batzuk eraikitzeko, familia heteropatriarkala arrakalatzeko”.

Programa hemen ikus daiteke