Aliantzen indarra eta antolakuntza komunista lan esplotazioaren aurrean

Bilgune Feministak eta Itaiak manifestuak atera dituzte M1erako. Lehenengo elkarteak aliantzen indarra nabarmendu du eta bigarrenak antolakuntza komunistaren beharra. Hona hemen testuak:

Aliantzen indarra (Bilgune Feminista)

Emakume* langileok, osasun publikoaren krisialdi honen lehen lerroan gaude. Etengabe zaintzeko eskatzen digute patronalaren irabaziak gure bizitzen aurretik jartzen dituzten bitartean. Gainera, bizi dugun egoerari neoliberalismoak ematen dion erantzun bakarra zerbitzu publikoen pribatizazioa handitzea da. Covid 19ak eragindako krisiaren aterkipean, erakundeek zaintzak etxera bideratzeko edota etxean mantentzea sustatzen, indartzen eta areagotzen dabiltza emakumeon* kaltetan.

Gauzak horrela, azken urteotan esklabotza forma berriak sortu dira kapitalismo globalaren jokoan: barne etxeko langileak, autonomo faltsuak, azpikontrataturiko langile prekarizatuak, beltzean kobratzen duten garbitzaileak, zaintzeko lan merkatua utzi behar duten emakumeak*… Jokoaren arauak genero zapalkuntzak, klase sozialak zein estatus migratorioak sortzen dituen herritartasun hierarkiak markatzen ditu.

Instituzioetatik zaintzaren familiarizazioa eta merkantilizazioa bultzatzen ari da etengabe, zaintza negoziorako-hobi berria bihurtzen dabil. Birbanaketa eta justizia sozialaren klabeetatik urrun, arazoa pribatizatu eta logika kapitalista patriarkal eta arrazistetan murgilduta dago.

Ez da samurra bizi dugun garaia. Azken urteetako eztabaida eta esperientziek, baina, irakaspen asko utzi dizkigute eta Euskal Zaintza Sistema Publiko Komunitarioruntzerako bidean, askatu beharreko hainbat korapilo ditugu: administrazio publikotik goraipatzen den “etxean hobe” diskurtsoak zer suposatzen du? Etxean egoteak ekartzen duena problematizatzen ez den bitartean? Zaintzaileen baldintzak duintzeaz gain, eraiki nahi dugun zaintzaren eredua nola ezaugarrituko dugu? Eremu komuna eta publikoa erdigunean jartzea zer da? Zein zentralidade politiko hartu behar dute zaintzek? Elkar-zaintzaren politikak lekutuak izango dituen zer nolako sistema eraiki nahi dugu? Galdera hauen eta beste hainbaten inguruko herri eztabaida bat ematea dagokigu. Era berean, konziente izan behar gara zaintza sistema iraultzea sistema ekonomikoa iraultzea dakarrela eta, hortaz, era guztietako erresistentziei aurre egin beharko diogula.

Bide horretan, ekintzarako proposamen zehatzak egiteko unea iritsi da. Lehenik eta behin, praktika politiko integrala garatzeko, txikitik handira eta handitik txikira eragin behar da eta, beraz, zaintza lanei balio politikoa aitortu behar zaie, hala nola, sentsibilizazioak, lan ideologikoa, balio aldaketa edota zaintzen inguruko ikerketa sustatzea, errealitate hau aztertzen jarraitzeko. Horrez gain, zaintza lanak kapitalaren atzaparretatik at kokatzeko aldarria eta praktika politikoa agendaren lehen lerrora ekarri behar dugu, gure bizitzak eta gorputzak ez direlako negoziorako leku!

Bestalde, eztabaida zabaltzeko zein ekintzak gauzatzeko, herritarrei eta eragileei zabalik egongo diren eta izaera publiko-komunitarioa izango duten egiturak sortu behar ditugu. Zentzu berean, zaintza lanak sozializatzeko eta banatzeko urratsak eman behar dira, erantzukizuna duten erakunde zein subjektuak interpelatuz. Azkenik, zaintzaileen bizi baldintzak duinak nahi ditugu, ahalduntze estrategia gisa elkarguneak sortuz.

Beraz, politika feministak izango dituen, atzerritartasun legearen eraginak deuseztatzeko neurriak hartuko dituen eta kalitatezko zaintza sistema publiko-komunitarioa posible egingo duen Euskal Herria feminista ipar dugularik, borrokan ari den sektore zein eragileen aliantza da gure itsas-argi nagusia. Euskal Herriko Mugimendu eraldatzaileen arteko gurutzaketan sakondu behar dugu, borroka sektorialen arteko aliantzak artikulatuz eta gizarte politiketan ari diren eragileen eta Mugimendu Feministaren artean sinergiak eraikiz. Izan ere, azken urteetako borrokaldiek argi utzi duten bezala, komunak diren esplotazio bideetatik ekinda eta espezifikoak diren dominazio egoerak aitortuta egingo dugu klase borroka, eta bide horretan langile mugimenduaren palanka izango da borroka feminista. Bakoitzak bere kabuz eginda ezinezko bada, kolektiboan eta aliantzan lortuko dugu.

Emakume Langileok Antolakuntza Komunista (Itaia)

Maiatzaren Lehena dugu gaur, egun garrantzitsua langileon askapena helburu dugunontzat. Era berean, emakume langileon ematzipazio erreala mahai gaineratzeko eguna ere badugu gaurkoa, guztiok bizi baldintza berdinak izango ditugun gizarte antolakuntzak emango baitu horretarako aukera. Zentzu horretan, ezinbestekoa dugu langileon antolakuntza gorpuztea. Beraz, duela ehun urte bezainbesteko gaurkotasuna du antolakuntza komunistaren aldarrikapena lehen lerroan ipintzeak.

Urteak igaro dira Langileon Nazioarteko Eguna lehen aldiz antolatu zenetik, eta argi dago emakume langileon bizi-baldintzak ordukoen oso bestelakoak direla orain, baina era berean, bere horretan jarraitzen duela gure izate sozialak: geure burua erreproduzitzeko eta bizi ahal izateko behartuta gaude gure lan-indarra saltzera, eta ez dugu gure biziarekiko inolako kontrol politikorik. Gainera, ohikoa den moduan, burgesiak azken hamarkadetako krisia lanaren esplotazioaren berrantolaketan oinarritu du, ahalik eta galera ekonomiko eta politiko baxuena izateko asmoz. Horrek nabarmen kaltetu ditu langileon bizi-baldintzak. Esan gabe doa hor emakume langileon baldintzak izan direla kaltetuenetarikoak; horren adibide ditugu, besteak beste, lan-kaleratzeak, soldaten jaitsiera, lan-orduen murrizketa, etxeko lanen handitzea eta beraz, lanaldi bikoitza era gordinagoan jasatea edota diru-laguntzen murrizketak. Faktore horiek guztiek emakume langileon proletarizazio-prozesua bizkortu eta instituzio burgesekiko daukagun dependentzia ekonomikoa areagotu dute.

Errealitatearen azterketatik ikus dezakegu ezinezkoa dela emakumeok eguneroko bizitzan jasaten dugun zapalkuntza kapitalismoaren baitan konpontzea, eta beraz, auziari aurre egiteko aukera bakarra haren oinarria gainditzea dela. Hain justu, soilik osotasunaren iraultza sozialak suntsi dezake historian zehar garatu den zapalkuntzaren erroa. Guk, horren aurrean, klaserik gabeko, eta beraz, zapalkuntzek inongo funtziorik beteko ez duten gizarte baten eraikuntza egikaritu behar dugu. Hori gauzatzeko, antolakuntza komunistaren baitan emakume langileon interesak defendatuko dituen programa disenatzea eta borroka prozesuak abiaraztea dagokigu. Bestela esanda, langileok botere politikoa eskuratzeko borrokaren baitan garatu behar ditugu zapalkuntza zehatz bakoitzari aurre egiteko bitarteko politikoak, betiere horiek langileriaren independentzia ideologiko eta politikoan oinarrituriko bitartekoak izanik. Modu horretan, funtsezkoa izango da proletalgoa sozialismoaren eraikuntzara batuko duen estrategiaren araberako indar-metaketa. Horrela, langile antolakuntzaren bitartez botere burgesa gainditzeko apustua egiten dugu, langileria osoaren askapena gorpuzteko ezinbesteko jardunbidea baita hori eta beraz, emakume langileon interesak defendatzeko eta zapalkuntza forma ororekin amaitzeko potentziala duen aukera bakarra.

Era berean, iraultza sozialista soilik emakume langileokin izango da posible. Horregatik ITAIAtik berehalako bi eginbehar definitu ditugu: batetik, komunismoaren eraikuntzan ekarpena egitea, klase antolakuntzaren aldeko apustua indartuz, eta bestetik, emakume langilea iraultza sozialistaren parte izan dadin, hau da, langileon emantzipazio erreala antolatzeko aktibo politiko bilaka dadin, bitarteko material eta ideologikoak egikaritzea.