Izaskun Larruskain Jaizkibel konpainiako kidea  
«Alardeari ematen diogun errespetu berbera jasotzea espero dugu»

Hondarribiako Alardea datorren igandean izango da. Jaizkibel konpainia -Alarde ofiziala, Berdintasunaren legearekin bat datorrena-, goizeko 8etan hasiko da desfilatzen herriko kaleetan zehar eta atzetik Alardea tradizionala irtengo da. Urtean urtean momentu latzak bizi izan ditu konpainia mistoak Kale Nagusia zeharkatzean. Han Hondarribiako Emakumeak, Alarde diskriminatzailearekin lotutako emakumeek, plastiko beltza erakutsita, aurbuioa adierazten diete Jaizkibelekoei, irainak egin eta istiluak sortzen dituzte. Iazko edizioa txarrenetako bat izan zen, Izaskun Larruskain konpainia mistoaren kidea eta kapitan ohiak dioenez, baina itxaropentsu daude aurtengora begira. Jende gehiagok -1000 pertsona inguruk- osatuko du konpainia eta giro lasaiagoa izatea espero dute.

-Nola izan zen asteleheneko lehenengo entsegua?

-Jende piloa etorri zen, aurpegi berriak… Jendea galdezka, gurekin etorri nahi dutela… Dena joan zen lasai, oso polita izan zen. Oso-oso pozik gaude.

-Pasa den urteko arazoak gogorrak izan ziren. Hori saihesteko alkateak ordutegi aldaketa proposatu du. Zer erantzun diozue?

-Hedabideen bitartez jakin genuen. Hori astelehen batean izan zen eta ostegunean bildu ginen berarekin eta esan zigun pentsatu zuela agian horrek lagunduko zuela. Baina ematen du errua edo arazoa gurea dela: gu egongo ez bagina ez litzatekeela ezer gertatuko. Eta ez da hori. Guk ez dugu inoiz besteekin koinziditu eta koinziditzea da nahi duguna. Elkarrekin ateratzea da gure helburua. Ordutegi desberdinak ditugu, horregatik ez dugu ondo ulertzen alkatearen proposamena. Nahi duguna da herrian berriro Alarde bakarra egotea eta Alarde horretan guk parte hartzea. Dena den, positiboa izan zen alkatearekin egin genuen bilera, gure iritzia eman genion. Elkarrizketa bideratzeko bi saiakera egon ziren baina ez zuten fruiturik eman, hala ere jarritzeko asmoa daukagu hori dela bidea pentsatzen dugulako eta irailaren 9tik aurrera elkarrizketa berriro bideratzeko ahalegin guztiak egiteko eskatu genion. Iganderako gure helburua ondo pasatzea eta disfrutatzea da, eta Alardeari ematen diogun errespetu berbera jasotzea.

-Itxaropentsu zaudete, beraz, aurtengo Alarderako?

-Gauza bat azpimarratu nahi dugu eta da plastiko beltzarena ez dela ibilbide osoko kontua. Kale nagusian baino ez ditugu arazoak izaten. Beste leku guztietan ez da ezer gertatzen. Kontrakoa, jendea begira dago, txalotzen du, jai giroa daukagu. Nabarmendu nahi dugun beste gauza bat da Alarde diskriminatzaileak batzen duen jende guztia ez dagoela Kale Nagusian antolatzen den espektakulu horrekin ados. Kanpoko jendeak pentsatzen du Alardeko Fundazioko denek berdin pentsatzen dutela eta ez da horrela. Etortzen direnek ikusiko dute beste konpainietako jendea lasai dagoela gu ikusten.

Bitartekari lanak

-Aurten bitartekari lanak egin dira gatazka konpontze aldera. Nola bizi izan duzue bidea?

-Bi prozesu izan ditugu. Urtarrilaren inguruan hasi zen Aldundiak bultzatutako lehenengoa  eta prozesu horretan herriko elkarteek hartu zuten parte. Isilpeko prozesua izan zen. Bat-batean, otsailean, Alarde Fundazioak komunikatu bat atera zuen esanez mugatu nahi zuela prozesua Alarde Fundazioa, Hondarribiko Emakumeak, Juana Mugarrietakoa –Alarde parekidea aldarrikatu zuen elkarteak orain dela 26 urte- eta Jaizkibel konpainiara, alkatea bitartekari izanik. Guk esan genuen ez zela momentu ona horrekin hasteko Aldundiko prozesuan elkartuko baikinen eta denaz hitz egingo baikenuen. Baina Aldundiko prozesua bertan behera geratu zen. Hauteskundeak pasatu ondoren, Hondarribiako Udalak hartu zuen elkarrizketarako bidea eta hitz egin zuen Jenny Piercekin –nazioarteko bitertakariarekin- eta berriro abiatu zen prozesua. Oraingoan Alarde Fundazioak proposutako taldeek baino ez zuten parte hartu: Beraiek, Hondarribiko Emakumeak, Juana Mugarrietakoak eta guk. Lehengo momentuan ikusi genuen hori nahiko mugatua gelditzen zela. Baina 23 urte daramatzagula elkarrizketa eske ere pentsatzen genuen eta aukera bat egonda baietz esan behar genuela eta hasi ginen parte hartzen. Hainbat bilera egin genituen eta astelehen batean, abuztuaren 5ean, ez zela ikusten oraindik girorik elkarrizketa horiek aurrera eramateko esan ziguten eta bertan behera gelditzen zela ekimena. Alarde Fundazioak guri leporatu zigun errua eta isilpeko prozesua eten egin zen. Hurrengo egunean Jenny Piercek komunikatu bat atera zen errurik inork ez zeukala esateko, egoera azaldu zuen eta hor gelditu zen prozesua.

-Eta hortik aurrera?

-Hondarribiko Bozeramaileen Batzarra elkartu da eta saio honekin jarraitzeko beharra ikusi du. Gu ados gaude eta atea herritarrei zabaldu behar zaiela ikusten dugu, herriaren arazoa delako eta denon artean konpondu behar dugulako. Gero ikusiko da nola egin eta nola jarraitu.

Zaintzaile figura

-Aurten desfilean elkar babesteko eta elkarri laguntzeko neurriak hartu dituzue.

-Bai, iaz urte gogorra izan zela ikusita eta azken bi Martxoak 8 potenteak izan eta gero ez gaude prest hainbat gauza onartzeko. Oso-oso gogorra izan zen pasa den urtekoa, puskatu ziguten musika lehehengo momentutik, hango iskanbila eta hango zaratak jasanezinak izan ziren. Gainera, musikarik ez badago, oso zaila egiten zaigu jarraitzea. Kontuan eduki behar da momentu tentsoak direla, erasotuak garela. Hor dagoen publikoak txalo piloa merezi du, adorea dute hor egoteko. Orduan pentsatu duguna aurten arduradun figura sortzea da. Zinta morea edukiko du besoan konpainia eta ikusleak laguntzeko eta babesteko, horrelako tentsio momentuetan euste-horma egiteko, probokazioan ez erortzeko, baten bat izututa badago zaintzeko; konpainia bat garela sentitzeko, elkarrekin gaudela. Jende gehiago behar dugu eskopeten inguruan baina aste honetan bilatuko dugu.

-Zaintzale figurarekin gauzak baretuko direla uste duzu?

-Esperantza daukat ez dela errepikatuko joan den urtekoa eta uste dut egun polita izango dela. Badakigu kanpotik jende asko etorriko dela gu ikustera eta babestera eta horrek indarra emango digu. Kanpoko jendeari etortzeko disfrutatzera esango genioke, lasai etortzeko. Nahi badu zapi koloredun bat ekartzeko. Jaizkibelek ez dauka zapi konkreturik. Edozein zapik balio du. Kolore aniztasuna, inklusio hori, maite dugu. Facebooken zehaztuko ditugu ordutegiak eta ibilbidea. Ez dago bakarrik Kale Nagusia, badaude beste tokiak Alardea ikusteko. Guk ez dugu liskarrik nahi, nahi duguna da musika jo, disfrutatu eta ‘Emakumeak Alardean’ aldarrikatu, ‘Emakumeak Nonahi’.