Abertzaleen VIII. Topaketa Feministek arrazismoa aztertutuko dute

Feminista abertzaleak euskararen eta burujabetzaren aldeko borrokatik hausnarketa eta ekintza dekolonialera igaro dira “herritar guztientzat baliagarria den emantzipazio markoa eraikitzeko”.

Hori izango da, hain zuzen, VIII. Topaketa Feministen ardatza. Euskal Herriko Bilgune Feministak aurkeztu zuen atzo jardunaldia eta abenduaren 12an egingo da Oreretan, ‘Araka ditzagun gure bazterrak’ lelopean.

Pandemiaren eragina ere eztabaidatuko dute. Feminista abertzaleek diotenez, “gobernuek pandemia egoerari emandako erantzunek arrazakeria, emakumeen bereizkeria eta herri burujabetzaren galera areagotu dute”.

Krisiaren inpaktua

Horren adibide batzuk aipatu zituzten: “Muga eta kaleen militarizazioa; abusu polizial arrazistak; indarkeria atxistaren gorakada; konfinatutako kideak zaintzeko lan merkatua utzi behar izan duten milaka emakumeak; edota erakundeetan eta zerbitzu publikoetan euskarak izan duen atzerakada”.

Bizitzaren zaintzari dagokionez, pandemiak “emakumeen zaintzaile rola areagotu du, lan hori modu prekarioan eta pribatizatuan mantenaraziz”. Izan ere, osasun krisiaren inpaktu nagusia “eremu feminizatuetan izan da, bereziki egoera irregularrean dauden emakume langileen eremuan”. Horri guztiari aurre egiteko, “inoiz baino beharrezkoagoa da Euskal Herriarentzat proiektu feminista bat eraikitzen jarraitzeko, burujabetza feministan sakontzea eta askotariko aliantzak ehuntzea”.

Prentsaurrekoaren hasieran “besarkada estua” bidali zioten euren kide eta lagun den Ekhi Eizagirreri eta pasa den astean berarekin atxilotutako beste gazteei. Azpimarratu zutenez, “atxiloketak onartezinak dira eta Euskal Herrian gehiengoak ireki nahi duen ziklo berriaren aurka egiten dute, espetxeak hustu eta zauriak osatzeko unea baita”.

Programa

Topaketa 09:30ean hasiko da. Harreraren ostean, 10:30ean, mahainguru zabala antolatu dute: “Lurralde askeak, bizitza askeak. Hizkuntza, nazioa, arraza eta zapalkuntza kolonialen arteko intersekzioan.”

Ondoren, eztabaidan sakontzeko dinamika parte-hartzaile baten bidez, entzundakotik, aukerak eta erronkak definitzen hasiko da.

17:00etatik aurrera, tailer, eztabaida eta hainbat hitzalditan parte hartzeko aukera izango da: territorioaren defentsa, euskararen inguruko hausnarketak, iraganaren hausnarketak, arrazakeria biluzteko praktikak, internazionalismoa, gorputzak eta desirak, transnazionalak…

19:30ean, bukatzeko, ekitaldi nagusia egingo da Herriko plazan.