Abadiñoko Udalak sexu erasoak jasandako hiru emakumeri babesa berretsi die erasotzaileak indultua eskatu ondoren

Berdintasunaren zinegotzia Rosa Miguelek irakurri du adierazpena alkatearekin batera.

Abadiñoko Udalak sexu erasoak jasan zituzten hiru emakumeri babesa berretsi die erasotzaileak indultua eskatu ondoren. Iaz Auzitegi Gorenak hamahiru urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri zion M.A.S. abadiñarrari etengabeko sexu-indarkeriagatik. Hiru emakumeak familia berekoak ziren eta bi adingabeak ziren.

Alderdi desberdinetako ordezkariek –Bildu, EAJ-PNV eta Grupo Independientekoek- denen artean adostutako adierazpen instituzionala aurkeztu dute gaur arratsaldean Txanporta Kultur Etxean.

Testua Berdintasun Kontseiluak egin zuen eta erakunde horren ordezkariak ere egon dira irakurketan. Euskarazko bertsioa alkateak berak, Mikel Garaizabalek (EAJ), irakurri zuen, eta gaztelaniazkoa Berdintasun zinegotziak, Rosa Miguelek (Grupo Independiente).

“Indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko ezinbestekoak dira gizartearen ahobateko gaitzespena, arreta espezializatua eta biktimen erreparazioa”

Adierazpena

2019an, Auzitegi Gorenak hamahiru urte t’erdiko kartzela-zigorra ezarri zion M.A.S. abadiñarrari, herriko hiru emakumeren kontrako etengabeko sexu-indarkeriagatik. Hiru emakume horietatik bi adingabeak ziren sexu-erasoak jaso zituzten bost urteetan. Gauden 2020. urte honetan kondenatuak indultoa eskatu du.

Abadiñoko Udalak bere gaitzespen eta kondena gogorrena adierazi nahi du indarkeria matxistaren aurka. Indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larri eta onartezina da, eta bere kontra borrokatzeko ezinbestekoak dira gizartearen ahobateko gaitzespena, arreta azkar eta espezializatua, eta biktimen erreparazioa. Horrek esan nahi du hiru biktima horiek eskubidea daukatela erreparaziorako, beren duintasuna, ospea eta gainerako giza eskubideak berreskuratzeko, sekula berriz horrelako erasorik ez jasateko, pairatu dituzten erasoen aitortza izateko, eta hala erasotzaileak nola, dagokien neurrian, erakundeek eta jendarteak gertakari horien erantzukizuna onartzeko.

Beraz, Abadiñoko Udalak bere babes osoa eta baldintzarik gabekoa eskaintzen die biktimei, eta euren eskura jartzen ditu behar dituzten baliabideak.

Abadiñoko Udalak dei egiten dizue abadiñar guztioi adierazi dezazuen zuen babesa hiru emakumeei eta lan egin dezazuen euren erreparazio eskubidea bermatzeko.

Era berean, Udal honek bere konpromisoa adierazten du lanean jarraitzeko emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten alde.