‘30 emakume ahaztezin’ erakusketa ikusgai Tabakaleran

Emakundek antolatutako ’30 emakume ahaztezin’ erakusketa ikusgai egongo da Donostiako Tabakaleran datorren abuztuaren 29ra arte. Euskal Herriaren historiako hogeita hamar emakume aipagarrien irudiak jasotzen dituen akuarelak eta informazioa biltzen ditu.

Elena Ciordia artistak egindako akuareletan hainbat diziplinatan nabarmendu diren euskal emakumeak agertzen dira: literatura, bertsolaritza, pintura, argazkigintza, kirola, musika, fisika edo politikan. Akuarela horiekin batera bisitariak emakume horien bizitzari buruzko informazioa zabalagoa jaso dezake mugikorrean QR kodeen bitartez.

Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidaren hitzetan, “luzaroan izan duten errekonozimendu faltak ikusezin bihurtu ditu kasu askotan emakumeak, mundua ezagutzen dugun bezala eraikitzen ekarpen handia egin duten arren. Erakusketa honek guztiak omendu nahi ditu, hainbat diziplinatan nabarmendu zirenak, baina, aldi berean, hain aitortuak ez diren beste lan batzuetan bizitzari eustea ahalbidetu dutenak ere”.

Bisitariei emakumeen izen gehiago proposatzeko aukera ematen zaie

Horrela, historiako beste emakume asko izendatuak eta omenduak izatea merezi dutela jakinik, erakusketa herritarrek euren ekarpenak egin ditzaten espazioa bihurtu nahi da, beste emakume batzuen oroimena berreskuratzeko asmoz.

Panel birtuala

Helburu horrekin, bisitariei emakumeen izen gehiago proposatzeko aukera ematen zaie, edozein eremutan nabarmentzen diren emakumeak, beren herrietako erreferenteak diren emakumeak, baita haien familietakoak ere, eta beren historia kontatzen dutenak. Ekarpen horiek panel birtual baten bidez edo #mujeresinolvidables #emakumeahazezinak traola erabiliz egin ahal izango da sare sozialetan.

Emakundek argitaratutako ’30 emakume ahaztezin-30 mujeres inolvidables’ liburuan jasota daude erakusketako emakumeak, besteak beste, Bizenta Mogel, Menchu Gal, Ernestina de Champourcin, Ángela Figuera, Lourdes Iriondo, María de Maeztu, Julene Azpeitia, Carmen Adarraga, Katalina Eleizegi, Maurizia Aldaiturriaga, Josepa Zubeldia edo Mari Jose Urruzola.