Ekonomia solidario baterako hiztegi feminista

Feminismoak hamarkadatan salatu du kapitalismo heteropatriarkalak ez duela bizitza erdigunean jartzen eta haren praktikek eta politikak bizitza, aniztasuna eta planetaren iraunkortasuna kaltetzen dituztela.

REAS Euskadik talde-lana gauzatu zuen hiztegi feminista bat sortzeko eta bertan agertzen diren kontzeptuen bidez “sistema sozioekonomikoa ahalik eta modu zorrotzenean aztertu eta deskribatzeko, sortu nahi dugun etorkizuna izendatzeko eta hori guztia lortzeko behar ditugun tresnak eta bideak aurkitzeko”.

Carlos Askunze, Yolanda Jubeto, Luciana Marcó eta Zaloa Pérez dira testuen autoreak eta irudiak Liliana Aldaik egin ditu.

Egileek azaldu dutenez, “bizitzaren iraunkortasuna da hiztegi honen abiapuntua eta helmuga, eta feminismoaren ekarpenetan oinarritu gara, oro har, eta ekonomia feministarenetan, bereziki”.

Abiapuntua, “ikuspegi horretatik aukeratu ditugulako gure inguruan gertatzen dena ulertzen eta argitzen laguntzen diguten zenbait termino”. Eta helmuga, “horixe delako ekonomia postkapitalista berri baten eraikuntza kolektiboan ekonomia solidarioko proiektu eraldatzaileei zentzua ematen dien helburua”.

Askotan entzun dugu izenik ez duena ez dela esistitzen. “Gaizki izendatzen denak benetan existitzen dena ezkutatzen duela gehitu dezakegu”.

Hitz berriak, errealitate berria

Hiztegiaren bultzatzaileek gogoratu dutenez, “gure historia, gizateriaren historia, planetarena, ezkutatutako eta faltsututako gertaerez beteta dago”. Izan ere, “botereak (sozialak, ekonomikoak, politikoak, erlijiosoak, kulturalak…) irabazleen kontakizunen bidez errotu eta justifikatu izan dira, eta errealitateari buruzko irakurketa eta interpretazioak inposatu dituzte azkenerako”.

Hori antolamendu sozial guztietan gertatzen da eta baita sexuen arteko harremanean ere, pertsonen artean sufrimendua eta berdintasun eza sortuz.

Mugimendu feministak narrazio handi horiek deseraiki behar izan ditu, izenez aldatu, ezkutatzen dituzten zapalkuntza errealitateak eraldatzen laguntzeko. «Emakumeak etxean egon dira itxita urte luzez, eta hizkuntzak ez zituen aipatzen, ez baitzeuden bizitza publikoan. Gauzak aldatu EGIN dira eta orain hitz berriak behar ditugu errealitate berriak izendatzeko”, azpimarratu dute.

Estekak hiztegia deskargatzeko, euskeraz zein gastelaniaz:

https://www.economiasolidaria.org/wp-content/uploads/2020/12/HIZTEGI-FEMINISTA.pdf

https://www.economiasolidaria.org/wp-content/uploads/2020/12/DICCIONARIO-FEMINISTA.pdf